Elizondoko Benito Menniko langileek 158 greba egun bete dituzte, eta otsailaren 27ra bitarteko grebaldiarekin, guztira, 173 eginen dituzte. Langileek gogorarazi dute «otsailarean 25ean, Nafarroako Parlamentuak, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat onartu zuela. Mozio horrek bi agindu jasotzen zituen Nafarroako Gobernuari zuzenduta. Bertan eskatzen zitzaion zerbitzua azpikontratatuta dagoen bitartean, osasun mentaleko pazienteen berezitasunak kontuan har daitezela eta giza zein baliabide materialak haien benetako beharretara egokitu daitezela».
Gainera, «parlamentuak eskatu zuen osasun mentaleko arreta ematera bideratutako baliabide publikoen kalitatezko zerbitzua bermatzeko, lanpostuak mantentzeko eta langileentzat lan baldintza duinak ziurtatzeko». Hala ere, langileek salatu dute «parlamentuak emandako agindu horiek gorabehera, Nafarroako Gobernuak oraindik ez diela erantzunik eman haien aldarrikapenei».
Halaber, kritikatu egin dute martxoaren 8aren harira —Emakumeen Nazioarteko Eguna— «entzun den diskurtso instituzionala. Haien erranetan, instituzioek berdintasunaren inguruko mezuak errepikatzen dituzten bitartean, azpikontratatutako langileak 'ikusezin' izaten segitzen dute».
Horrez gain, zalantzan jarri dute enpresaren jarrera ere. «Izan ere, Fundación Hospitalarias Navarra erakundeak martxoaren 8ko komunikatuan adierazi zuen eguna Sin brechas, sin barreras lelopean ospatzen zuela eta benetako eta eraginkorreko berdintasunarekin duen konpromisoa berresten zuela».
ELA sindikatuak salatu errealitatea «arras bertzelakoa dela: soldata arrakala handia dago Nafarroako sare publikoko langileekin alderatuta, lan bera egiten duten arren. Gainera, urtean 100 lanordu inguru gehiago egiten ditugu. Berdintasun erreal eta eraginkorraren aldeko konpromisoa balego, nahikoa litzateke antzeko kategoriako lanak egiten dituzten pertsonen lan baldintzetara parekatzea. Hala ere, parekatze hori eskatzen dugunean, bai enpresak bai Nafarroako Gobernuak gure eskariak handiegitzat jotzen dituzte; guk, berriz, hori gure lan prekarietatea mantentzeko eta enpresaren etekinak lehenesteko borondate argi gisa interpretatzen dugu».
Egoera honen aitzinean, «grebarekin eta mobilizazioekin segituko dugu gure lan baldintzak hobetu arte. Herritarrei dei egiten diegu martxoaren 13an, 18:00etan, Elizondoko plazan deitutako kontzentrazioan parte hartzera».