Baztango Udalak aldi baterako bortz lanposturen kontratazio deialdia egin du

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 11

Kontratazioek sei hilabeteko iraupena izanen dute eta hiru postu mendiko lanetarako eta zerbitzu anitzetarako izanen dira, bertze bat sasiak mozteko traktorea gidatzeko eta azkena digitalizaziorako teknikari gisa

Baztango Udalak bortz postu betetzeko lan eskaintza deialdia egin du, aldi baterako eta sei hilabeteko iraupenarekin.

Hiru lanpostu mendiko lanak egiteko eta zerbitzu anitzetan aritzeko izanen dira, eta bertze bat traktore gidari gisa aritzeko. Lau lanpostu horiek D mailako ordainsaria izanen dute eta lanaldi osorako izanen dira. Bertzeak bertze, Baztango pista eta bideetako sasiak garbitu, arboladiak markatu, landaketak garbitu eta Udalak dituen mantentze lanak egin beharko dituzte.

Lanpostu horietarako beharrezkoa izanen da eskolako graduatuaren titulua, langabezian egotea eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda, euskarazko C1 maila ahozkoan (agiririk ez badu, mailaketa proba eginen zaio) eta B1 motako gidabaimena.

Azkeneko lanpostua digitalizazio teknikaria da, B mailako ordainsariarekin. Helpbide proiektua gauzatu beharko du, egin beharreko lanetan laguntza teknikoa eskainiz (kartelak, mapak…) eta diseinatzailearekin kontaktuan jartzen. Gainera, Baztango luberrien fitxa informatizatu beharko du eta informazio hori Qgis programan txertatu.

Lanpostu honetarako ingeniaritza gradua, ingeniaritza teknikoa edo ikasketa teknikoak eduki beharko dira (agronomo, topografia, zibila…), baita Qgis programaren erabilpenean aditua edo aritua izatea eta Ofimatikako ezagupenak izatea (Microsoft office). Azkenik, euskarazko C1 maila (ziurtagiririk ez badu, mailaketa proba eginen zaio), B1 motako gidabaimena, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskatzaile gisa izena emanda.

Izen ematea martxoaren 31ra arte

Deialdian parte hartzeko, interesatuak martxoaren 31ko 14:00ak arte aurkezten ahalko dira Balleko Etxeko bulegoetan edo egoitza elektronikoaren bidez. Nortasun agiria, eskatutako titulazio akademikoa eta merituak (ikastaroak eta lan esperientzia ziurtagiriak) aurkeztu beharko dira. Informazio gehiagorako eskuragarri dago Gizarte Zerbitzuen zenbakia, 689 03 50 78 (Laura Andresena) eta baztan.eus webgunea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun