Ingurumen Departamentuak 456.796 euro inbertitu ditu Oronoz-Mugairiko arrain haztegia berritzeko

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 10a

Gobernuko ordezkariek haztegia bisitatu dute gaur goizean. Irudia: Nafarroako Gobernua.

Nafarroako haztegien bidez aurten 50.000 izokin eta 15.300 amuarrain autoktono ekoiztea aurreikusi dute, bertako ibaiak birpopulatzeko asmoz

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak 456.796 euroko inbertsioa egin du Oronoz-Mugairiko arrain haztegia zaharberritzeko eta bertan egiten dituzten lanak hobetzeko; bertzeen artean, izokin eta amuarrain arroltzeen ekoizpena eta arrainkumeen hazkuntza.

Egindako birmoldaketa bertatik bertara ezagutzeko, haztegia bisitatu dute gaur goizean Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Ana Bretaña Ingurumeneko zuzendari nagusiak. 2026an Nafarroako ibaiak birpopulatuko dituzten arrainen hazkuntzaren lehenbiziko faseak ezagutu dituzte. Izan ere, Erronkarin eta Anotzen dauden arrain haztegiekin batera, 50.000 izokin eta 15.300 amuarrain ekoiztea aurreikusi dute. Gainera, lehenbiziko aldiz duela 40 urte erregistratzen hasi zirenetik, birpopulaketarako erabiliko diren amuarrain guziak autoktonoak izanen dira.

Azken urte eta erdian Oronoz-Mugairin egindako lanen artean, nabarmentzekoak dira ur hargune berria Oieregiko iturburutik, ponpa bat arrainen mugimendua errazteko eta haztegiari erantsitako biltegi estali bat, langileen egoera hobetzeko. Horrez gain, eguzki panelak dituen estalki berri bat eraiki dute, alde batetik energia garbia lortzeko eta bertzetik putzuei itzala emateko, ura sobera berotu ez dadin. Azkenik, inguruko landaredia exotikoa garbitu dute, ur bazterreko landare autoktonoak berreskuratzeko, bertzeak bertze, haltza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun