Gure Moneta ekimenak tokiko moneta propioa aurkezteko ekitaldia egin zuen larunbatean Elizondoko plazan. Aurkezpenaren lehenbiziko zatian Eusko monetaren esperientzia azaldu zuten, Ipar Euskal Herrian duela 13 urte erabiltzen dena eta egitasmoaren erreferentzia dena. Azaldu zutenez, euskoa «Euskal Elkargoko 158 udalerritan erabiltzen da, 1.500 erabiltzaile profesional ditu, 4.500 erabiltzaile partikular, 38 herriko etxek erabiltzen dute, Euskal Elkargoa bazkideetako bat da eta ia 5 milioi eusko daude zirkulazioan gaur egun».
Ondotik, Bertan Baztan, Baztango Zaporeak eta Baztango Pentsionistak elkarteen ordezkariek Gure Moneta proiektua aurkeztu zuten bertako eragile eta herritarren artean. Baztango monetak izango dituen onurak azaldu zituzten eta herritarrak, profesionalak eta eragileak animatu zituzten bazkidetu eta egitasmoan parte hartzera.
Udaleko tokiko garapeneko zinegotziak azaldu zuen «udalaren laguntza eta babesa izan duela egitasmoak hasieratik eta Nafarroako Gobernuak ere 2024an hitzarmen bat sinatu zuela udalarekin tokiko monetak izan zezakeen interesa aztertzeko, eta azterketak herritarren interes handia adierazi zuela (galdetutakoan %75 prest legoke Baztango tokiko moneta erabiltzeko martxan denean)». Aurten berriz sinatuko du hitzarmena gobernuarekin «Baztango esperientzia pilotuaren diseinuan laguntzeko».
Bazkidetza kanpaina
«Euskal Herriko zazpi probintziak barne hartuko dituen moneta bakarra ahalik eta azkarren ezartzeko helburuarekin», Herriz herri, moneta bat bazkidetza kanpaina abiatu dute. Norbanako, elkarte, eragile sozial eta enpresei zuzendua dago eta urte akabailarako 1.000 bazkide laguntzaile lortzeko erronka paratu dute. Bazkidetza guremoneta.eus webgunearen bitartez egin daiteke.