Baztango Geroa Baik asteburuan Elizondon gertatutako «basakeriak» salatu ditu

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 9a

Elizondon Maurizio eta Felixen estatuak bota dituztela salatu du Geroa Baik.

Herriko ondasunetan «kalte onartezinak» sortu dituztela jakinarazi du Geroa Bairen udal taldeak.

Geroa Bairen Baztango udal taldeak «gogor salatzen du Elizondon asteburuan jasandako basakeria olatua». Adierazi dutenez, «hiri altzarietan eta herriak Maurizio Elizalde eta Felix Iriarteri eskaini zien eskulturan kalte onartezinak eragin dituzte. Eraso bortitza izan da gure txistulari eta atabalari ahaztezinen oroimenarendako, bere herri eta bailarari emandako dedikazio eskuzabalaren adibide izan zirenak».

Taldeak deitoratu du «egileak ez direla gai konturatzeko euren jolas txarrak alferri direla, eta horien bidez pentsamendu pobrea erakusten dutela, zikinkeria, mina eta nahigabea sortuz baztandarren artean, eta herriaren irudi penagarria eskainiz». Azkenik, «herritarrek jasan beharko dituzten kalte ekonomiko garrantzitsuak eragin dituztela» adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun