Geldialdiak egin zituzten herriko hainbat tokitan: «beheitiko ikastolako ezkian, sarrerako platanondoen lerrokaduran, lanbide eskolako lorategiko platanondoetan, Santiago karrikako zahar etxe alderako aligustreetan eta zahar etxeko aranondo japoniar eta moreren ondoan, toki bakoitzeko zuhaitzen kimaketak aztertuz». Gardeazabalen erranetan, «zuhaitzek, berez, ez dute kimaketarik behar. Kimaketa jendeen behar baten ondorioa da, herri barneko zuhaitzez ari garela, egiazko edo ustezko arriskuak, konparazione. Alta, arriskurik baden jakiteko arriskuen ebaluazioa egin behar da, nahiz eta aunitzetan horrelakorik ez den egiten, guztiz arbitrarioak eta subjektiboak diren erabakiak hartuz».
Modu berean, «herri barneko zuhaitzei buruzko teknikak frutagintzatik eta nekazaritzak oinordetzan hartuak direla» aipatu zuen, helburu zehatz batzuekin: «fruituak ekoitzi, egurra eskuratu, aziendak bazkatzeko hostotutako adarrak bildu… Baina herri barneko zuhaitzek bertze helburu eta funtzio batzuk dituzte: erregulatzaile termikoak dira, biodibertsitatearen geriza, uraren zikloan laguntzen dute, airea egurasten, soinu kutsadura ttipitzen… Horregatik, orain artioko teknikak aldatzea beharrezkoa da. Helburu horiek erdiesteko zuhaitz erdi naturalak bultzatu beharko lirateke, zuhaitzaren berezko izaera eta egituratik ahalik hurbilen direnak, esku hartzeak horretara moldatuz».
Kuartelko zelaiko ezkiaz, «ehun urte baino gehiago dituena, inausketa gogorra egin zaio, egiazko arriskua sortuz. Kimaketa gogorretik bizkortzeko, ezkiak indar handia eginen du, mozketen tokitik adar gehiago eta joriago emanez, baina adar berri horiek ez dira enborraren barnetik etorriko, azalari lotuak baizik, aise hauskorragoak. Hortaz, hemendik aitzinerat bortz urtero edo kimatu beharko da. Alternatiba gisa, bi urtero adar lodienak kentzea» proposatu zuen.
Sarrerako platanondoen lerrokadurari buruz, «1915ean landatuak, kapetatze horiek egiteko, ipurditik moztea hobe dela» erran zuen. «Kapetatutako zuhaitzen artean berriak landatzea» proposatu zuen, «eta horiek handitzean dagoeneko kinkan gelditu diren platanondoak moztea». Horren haritik, zuhaitz handien kimatzeez erran zuen «halakoak saihestu behar direla. Kimaketak egitekotan zuhaitza gaztea delarik egiten dira, formatzeko, baina hain handiak direlarik halako kimatze gogorrak saihestu behar dira. Eta kimatzekotan, arriskuen ebaluazio txostena eginez, Europako kimaketen estandarrak agintzen duen moduan».
Lanbide eskolako lorategian dauden platanondoei buruz erran zuen «ttiki uzteko gogorki kimatuak direla, kasu honetan mutilatuak. Aurten, gainera, muinoi guztiak kendu dizkiete, erreserba guztiak kenduz, zainetatik indar guztia ematera behartuz. Hogei bat urteko bizialdia kendu diete kolpean». Zahar etxerako bidean guztiz murrizturik dauden aligustreei buruz «harridura» erakutsi zuen, «hostoak galtzen ez dituen zuhaitza denez, itxura borobildua ematen zaielako, handiagoa edo ttikiagoa baina hostoak atxikiz». Azkenik, zahar etxeko aranondo japoniar «ihartu eta kaskailduak» ikusi zituzten, «dagoeneko beren zikloa akitu dutenak», eta luzaz fruta arbolen kimaketa jasan duten morerak, «normalki 10-15 metroko garaiera hartzen duten zuhaixkak».
