Baztango Udalak Elizondoko lursail baten enkantea geldiarazi du herritarren eskura jartzeko helburuarekin

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 9a

Lurra publikoa izatera pasa eta bertan etxebizitzak eraikitzeko asmoa du udalak

Nafarroako Foru Ogasunak Elizondon martxan zuen lursail baten enkantea gelditzea lortu du Baztango Udalak, «interes publikoaren izenean». Udalak «duela egun gutti» izan zuen enkantearen berri eta «Baztanen dagoen etxebizitza beharra» kontuan hartuta, berehala jarri zen harremanetan Foru Ogasuneko Diru Bilketa Zerbitzuarekin. Nafarroako Gobernuko etxebizitza kontseilariarekin elkarlanean gelditu dute enkantea eta udalak lurra eskuratu eta «etxebizitza politika publikoa» sustatu nahi du bertan.

Etxebizitzaren problematika

Baztan Merkatu Tentsionatutako eremu gisa izendatua izan zen joan den urtean eta «etxebizitza duin bat eskuratzeko arazo larriak daudela» adierazi du udalak. Hori dela eta, Elizondon 16 etxebizitza berri eraikitzeko proiektua bultzatzen hasi da, etxebizitza kooperatiba bidez eta lur eskubidearen erregimenean. 100 lagun baino gehiago bertaratu ziren proiektuaren solasaldi informatibora otsailaren 24an, eta 50 lagun baino gehiagok agertu zuten interesa kooperatiban parte hartzeko.

Hala ere, «jakina da eskaera eskaintza baino handiagoa dela», hortaz, Elizondoko finkaren enkanteak «interes bizia» eragin du udalarengan. Lurra eskuratuz gero, «bizilagunen eskura» jarriko luke udalak, «eta agian 20 edo 30 etxebizitza eraiki ahal izanen lirateke». Izan ere, «enkantean ateratakoa herriaren erdigunean dagoen lursail koxkorra da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun