Herriko zuhaitzen kimaketei buruzko bizikleta ibilaldi gidatua eginen dute larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 5a

Baztango Talde Ekosozialak antolatu du hitzordua, martxoaren 7an 10:30ean herriko plazatik abiatuta. Amets Gardeazabal arbolazainak gidatuko du saioa eta ordu eta erdiko iraupena izanen du.

Antolatzaileen erranetan, «klima aldaketa eta biodibertsitate krisi aldian, herriko zuhaitzek garrantzi berria hartu dute, bertzeren artean, bero boladetan itzala ematen dutelako, edo intsektuen geriza direlako. Ez dugu atzentzen ahal, iazko abuztuan, konparazione, 13 eguneko bero bolada bizi izan zela gurean, bi egunez bederen 40 graduen langa gaindituz. Halakoetan, zuhaitzen itzalak tenperatura jausteko balio du».

Herrietan «ahalik eta zuhaitz osasuntsu eta azkarrenak izateko, horien mantentzeari buruzko ezagutza handitzen eta ikuspegia aldatzen ari dira; hori guztia bistakoa da Europako iparraldeko herrialdeetan edo Ipar Euskal Herriko toki aunitzetan, herrietako berdeguneak eta zuhaitzak nolakoak diren ikusterakoan».

Hortaz, «herriko zuhaitzei buruzko ezagutza eta ikuspegi berriez, maneiuaz eta teknikaz mintzatzeko hitzordua izanen da» Talde Ekosozialak antolatu duena, eta «gaian formatua eta zaildua den arbolazaina» gonbidatu dute horretarako. Itzulia bizikletan eginen dutenez, «herriko toki gehienak» kurrituko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun