«Elizondoko Osasun Etxeko medikuen zerbitzuak aldaketak izan ditzakeela» dio Osasun Plataformak

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 5a

100 lagun inguru bildu ziren atzo Elizondon. Argazkia: Baztango Osasun Plataforma.

Hurrengo elkarretaratzea apirilaren 1ean izanen da, 18:00etan Elizondoko Osasun Etxean

Hilabeteroko hitzordua egin zuen atzo Baztango Osasun Plataformak, eta beti bezala jendetza bildu zuen Elizondon. Bertan jakinarazi zutenez, «Elizondoko Osasun Etxeko medikuen zerbitzuak aldaketak izan ditzake. Gaur egun plazak ez daude behar bezala beteta, baina herritarrak artatzeko badira nahiko mediku. Edozein modutan, plazak behar bezala betetzea eskatzen segituko dugu. Lehen arretako medikuen egonkortasunaren eta jarraitasunaren garrantziari buruzko ikerketaren arabera, famili mediku batek leku berean 15 urte egiten baditu, larrialdien erabilera, ospitaleratzeak eta heriotza tasa nabarmenki murrizten ditu. Eta guk ere honen bila joan behar dugu».

Plataforma Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko mediku zuzendaritzarekin bildu da. «Informazioa jasotzeaz gain, elkarlanerako konpromisoa ere berretsi genuen, baita Baztango Osasun Kontseiluan parte hartzeko borondatea ere. Ditugun gabezien aitzinean, uste dugu denon parte hartzea behar dugula, eta herritarrak ere zer errana badutela eta badugula».

Baztango Osasun Kontseiluak «erabakitzeko izaerarik ez badu ere, egitura anitza du eta osasunaren arloan zeregin garrantzitsua du. Baztango Udalak zuzentzen du, Urdazubi eta Zugarramurdiko udalekin batera, eta Osasunbideko ipar eremuko arduradunak eta Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko zenbait elkarte eta erakundek ere parte hartzen dute. Baztango alkatearekin hartu emanetan gaude, denon arteko elkarlanean eraginkorragoak izanen garelako».

Azkenik, «herritarrei ere eskatzen diegu zintzoak izateko mediku zerbitzuekin, bertze gauzen artean, kontsultak eta larrialdiak modu egokian erabiltzea, hitzorduekin xuxen betetzea, eta noizbait ezin bada agertu emandako hitzordura, aitzinetik abisatu dezala, osasun etxean modu egokian antolatu ahal izateko. Bi norabideko zerbitzua da, eta denoi dagokigu betetzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun