Erratzuko herritar talde bat Kaxtrail mendi lasterketa antolatzen ari da urriaren 24ko, Xabier Rekarte 'Kaxtel' erratzuarraren oroimenez, bere heriotzaren 10. urteurrenean. Proba banaka edo binaka egiten ahalko da, ibilbidea erdi eta erdi eginez. Izena ematea gaur ireki dute, kronoak.com webgunearen bitartez, urriaren 21era arte. Bakarka parte hartzeko 50 euro ordaindu beharko dira eta binakakoan 35 euro bakoitzak.
Ibilbidea hurrengoa izanen da: Erratzutik abiatu eta Azkaraten goiti Gorramendi igoko du, Gorramakil pasatu eta Alkaxuri ingururat joanen da. Beheiti eta goiti berriz, Astatetik (Iparlara inguruan) Izpegirat joanen da, ibilbide erdia osatzeko. Binakako proban, lehenbizikoak bertan akitu eta bigarrena abiatuko da: Olate igo eta Auzatik pasatuko da, Azpiltegiko oihanetik Burga mendia igo, jaitsi eta Soralar igoko du. Handik ibilbideak beherantz eginen du Erratzun akitzeko.
Lasterketaz gain, ibilbidea oinez eta giro lasaien egiteko aukera ere emanen dute, naturaz gozatzeko helburuarekin. Gainera, egunean berean, musika, gastronomia eta ekitaldi kulturalak eskainiko dituzte Erratzun.