Martxoak 8

Emakumearen Eguneko Baztango elkarretaratze instituzionala eginen dute ortziralean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 4a

Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna denez, Baztango Udalak elkarretaratze deialdia egin du martxoaren 6an, ortziralea, 12:00etan Elizondoko plazan.

Berdintasun Zerbitzuak azaldu duenez, «aurtengo leloa Feminismoari esker… gaur izan, egon, esan eta erabaki dezakegu da». Honekin «funtsezko errealitate bat» gogoratu nahi dute: «gaur egun barneratuta ditugun eta gure eguneroko bizitzaren parte diren eskubide eta askatasun aunitz mugimendu feministaren borrokei eta historian zehar emakumeen antolamendu kolektiboari esker lortu dira. Diskurtso antifeministen edo erredukzionisten bidez feminismoa zalantzan jartzen edo deslegitimatzen den testuinguru sozial batean, haren eginkizun erabakigarria aldarrikatu behar da garapen sozialean, eskubideen hedapenean eta sistema demokratikoaren indartzean».

Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu elkarretaratze instituzionalean parte hartzera, «lortutako eskubideak aitortzeko, oroitzeko eta defendatzeko keinu kolektibo gisa, eta jendarte bidezkoago, berdintasunezkoago eta demokratikoago batekiko konpromisoaren adierazgarri gisa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun