Ipar Euskal Herriko Euskoaren ereduari segituz, Hego Euskal Herrian ere moneta propioa sortzeko lanean ari da Gure Moneta ekimena. Proiektua «garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko tresna» izanen da, baina baita «justizia soziala, trantsizio ekologikoa edota euskararen defentsa lantzeko tresna ere». Izan ere, «Gure Moneta bakar bat ere ez da Euskal Herritik aterako. Horrek erran nahi du sortzen den aberastasun guztia lurraldean geratuko dela eta bertako ekonomia indartzeko balioko duela».
Bi esperientzia piloturen bidez jarriko dute martxan proiektua, Baztanen eta Oarsoaldean (Gipuzkoa), beraz, 2026ko azken hiruhilekotik aitzinera posible izanen da Gure Moneta erabiltzea bertako komertzioetan. Ondotik, «pixkanaka Euskal Herri osoan zabaltzea» dute helburu.
Ekimena aitzinera eramateko eragile ugarirekin egin dute lan: Euskal Moneta elkartea, Udalbiltza, Cederna Garalur, Baztango eta Oarsoaldeko udalak… eta Baztanen kasuan, elkarte eta eragileekin: Bertan, Baztango Zaporeak, Baztango pentsionistak, Elizondo Lanbide Eskola eta Xorroxin Irratia. Gainera, udalak hitzarmena sinatu du Nafarroako Gobernuarekin esperientzia pilotuaren diseinuan laguntzeko.
Zer da tokiko moneta osagarri bat?
Tokiko moneta osagarriak estatu bakoitzean diru ofizialaren (euroa, dolarra, libera…) osagarriak dira eta haiekin batera funtzionatzen dute. Guztiz legalak dira eta araututa daude, bai europar legediaren arabera zein estatu bakoitzak garatutako legedia espezifikoan. Truke sistema bidez funtzionatzen dute eta kasu honetan Gure Moneta bakoitzak euro bateko balioa izanen du.
Bazkidetza kanpaina
«Euskal Herriko zazpi probintziak barne hartuko dituen moneta bakarra ahalik eta azkarren ezartzeko helburuarekin», Herriz herri, moneta bat bazkidetza kanpaina abiatu dute. Norbanako, elkarte, eragile sozial eta enpresei zuzendua dago eta urte akabailarako 1.000 bazkide laguntzaile lortzeko erronka paratu dute. Bazkidetza guremoneta.eus webgunearen bitartez egin daiteke.