Amaiurko Gaztelua Fundazioak goiz osoko egitaraua antolatu zuen martxoaren 1ean herriko elizan. Alde batetik Amaiur 1922. Harrizko memoria liburua aurkeztu zuten, Mintzoa argitaletxearen eskutik. 1922an gazteluko monolitoaren inaugurazioaren karietarat argitaratutako argazki albuma faksimile gisa erreproduzitzen du, hau da, edizio originalaren tamaina, tipografia eta ezaugarriak errespetatzen dituen kopia da. Hogei argazki historiko biltzen ditu eta edizio mugatua da, 150 ale bakarrik argitaratu baitituzte. Nafarroan XX. mendean argitaratutako lehen argazki albumetako bat da.
Horrez gain, Patxi Agirre historialariak Manuel de Irujo, Amaiur y la historia de Navarra monografia aurkeztuko zuen. Lizarrako politikariaren eta Nafarroaren arteko lotura sakona aztertzen duen dibulgazio lana da, eta Irujok Nafarroako historiari, pentsamenduari eta helburuei buruz zituen ikuspuntuen ikuspegi orokorra eskaintzen du. Liburuaren funtsezko ardatz bat Amaiurren sinbolismoa da, 1522an Nafarroaren independentziaren aldeko azken borroka gertatu baitzen Foru Komunitatearen egungo lurraldean. 1922an monolitoaren inaugurazio ekitaldian egon zen Irujo, Nafarroa osorako memoria leku gisa definituz. Horrela, fundazioak omenaldia egin zion Manuel Irujo Ollori eta bertan izan zen Arantzazu Amezaga bere familiaren izenean. Ondotik Eñaut Elorrieta musikari gernikarrak kontzertu hunkigarria eman zuen, bere Ateosteko biraren barnean.
Akitzeko, Gernikako arbolaren kimu bat landatu zuten elizatean, Gaztelu Taldearen kantuez lagunduak. Ekitaldian parte hartu zuten Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Fernando Anbustegi Baztango alkateak eta Jabi Iriarte Amaiurko zinpeko alkateak.