Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zen eguna oroitzen da otsailaren 27an, RASD eguna, eta aurten ere ospatu du Saharaztan elkarteak. Ortzirale arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Elizondoko plazan, Sahara libre lelopean.
Ondotik 'Azken lankidetza proiektua saharar kanpamentuetan' solasaldia antolatu zuten Txokoton. ATTSF elkarteak, Saharaztanek eta Virgen del Camino ikastetxeak elkarlanean sortutako egitasmoa aurkeztuko zuten bertan: «automozio ikasketetako ikasle eta irakasleak, ATTSF eta Saharaztan elkarteetako kideek lagundurik, errefuxiatu kanpamentuetan egonaldia egin dute urtarrila bukaeran. Bertan konponketa lanak egin dituzte».
Lankidetza berriak
Azken aldian elkarte gehiagorekin hasi dituen lankidetzen berri eman du Saharaztanek. Alde batetik «Munduko Begiak elkarteak begi osasuna sustatzea du helburua eta 2001etik errefuxiatuen kanpamentuetan esku hartzen dute». Bertzetik «Durangaldeko Rio de Oro erakundearen Eddal Etxea egitasmoa» babestu dute, «aspaldi Oporrak bakean programarekin ibilitako haur baten umea artatu berri dutelako egitasmo horretan».
Azkenik, «ATTSF edo MGLTE (Mugarik gabeko Langileen eta Teknikarien Elkartea) taldearen funtsa arlo teknikoan lan egitea da. Errefuxiatuen kanpamentuetan mekanika eta mantentze lanak egiten dituzte elikagaiak, ura eta zabor bilketa egiten duten ibilgailuei». Oraingoan bereziki 'Uraren gurpilak jarrai dezala' kanpainarekin bat egin du Saharaztanek; gurpil berriak edo erabiliak biltzeko egitasmoa. Izan ere, 2020tik edateko uraren % 40 inguru banatzen duen 28 zisternako flota kudeatzen du elkarteak eta «udako ur premia larria ailegatu aitzinetik guttieneko material erreserba batzuk izan behar ditugu, bereziki gurpilak».
Ekimenarekin lagundu nahi dutenak harremanetan jar daitezke taldearekin 948 27 54 85 telefonoan edo attsfnavarra@gmail.com helbidean. Behar dituzten gurpil motak hurrengoak dira: 13R22.5, 12R20, 12R24 eta 11R22.5. Horrez gain, erabilitako gurpilak birkautxutatzeko dohaintza ekonomikoak ere bilduko dituzte ES25 2100 8988 8102 0001 6949 kontu zenbakian edo Bizum bidez 07956 kodearekin.