Elizondoko etxebizitza kooperatiboen inguruko solasaldiak herritarren interesa piztu du

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 25a

100 lagun baino gehiago bildu ziren atzo Arizkunenean. Irudia: Nafarroako Gobernua.

Baztango eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek eta Nasuvinsako arduradunek aurkeztu zuten ekimena atzo Elizondon, Arizkunenea kultur etxean.

«Bildu den jende guzia ikusita, bistan da etxebizitzarena arazo larria dela»

Halaxe hasi zuen aurkezpena Fernando Anbustegi Baztango alkateak. Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari den Begoña Alfarok azpimarratu zuen «geroz eta jende gehiagok bilatzen dituela merkatu tradizionalaren alternatibak, egonkortasuna, zentzuzko prezioak eta epe luzerako bizitza proiektu bat egitea eskaintzen dutenak».

Baztango Udaleko arkitektoak eta Nasuvinsako zuzendariak eta arkitektoak azaldu zituzten Elizondon egin nahi duten proiektuaren nondik norakoak. 16 etxebizitza berri eraikitzeko ekimena da, etxebizitza kooperatiba baten bidez eta lur eskubidearen erregimenean. Hau da, etxebizitzaren jabeek kooperatiba bidez eraikiko lukete etxea eta Baztango Udalak lur publikoa utziko zuen horretarako, 75-99 urte bitarteko baimenarekin eta tarte hori luzatzeko aukerarekin.

Bere izenean etxebizitza baten jabetza ez duten pertsonei zuzendua dago ekimena, urtean guttienez 19.000 euroko diru sarrerak dituztenak eta Babes Ofizialeko Etxebizitzarako ezarritako gehienezkoa gainditzen ez dutenak. Horrez gain, finantzazioa ere azaldu zuten, izan ere, sistemak barne hartzen du hasierako % 10 eta % 20 bitarteko ekarpen bat, eta Nafarroako Gobernuaren % 25erainoko dirulaguntza etxebizitzaren kostu totalaren gainean.

Azkenik, prozesuan Nasuvinsak laguntza teknikoa eta aholkularitza eskainiko ditu: kooperatiba eratzeko urratsetan, eredua definitzeko lanean eta etxebizitza politikarekin bat datorren garapena bermatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun