Igandean, martxoak 1, Esne berriketan bertso saio literarioa aurkeztuko dute Elizondoko Arizkunenean 19:00etan. Herriz herri bildutako emakumeen istorioak zabaltzen ditu saioak: Uxue Alberdik kontatuak, Iban Urizar Amorantek musikatuak eta Onintza Enbeita eta Maddin Ane Txoperenak kantatuak.
Udalak elkarretaratze instituzionala eginen du martxoaren 6an, ortziralea, Elizondoko plazan. 12:00etan izanen da hitzordua, Feminismoari esker… gaur izan, egon, esan eta erabaki dezakegu lelopean.
Martxoaren 6an ere saio berezia antolatu dute Arizkunenean: Katixa Agirre idazleak Barne zerbitzuak liburua aurkeztuko du 19:00etan. Eleberri historikoa da Agirreren azken liburua, egiazko gertaeretan oinarritua eta protagonistetako bat Bittori Etxeberria duena, Alava sareko kidea izan zen elizondoarra.
Eskualdeko mobilizazioa Emakumearen Eguneko Baztan-Bidasoa mailako mobilizazio feminista Saran izanen da aurten, martxoaren 8an. 16:30ean gaztetxetik abiatuko dira.
Filipa Balninak (Bea Larrañaga) zuzeneko clown ikuskizuna eta dokumental proiekzioa aurkeztuko du martxoaren 13an, 19:00etan Iruritako Gizarte Bilgunean. Historian izan diren emakume pailazoak ezagutzeko hitzordua izanen da, «etorkizunari ikuspegi irekiagoarekin begiratzeko».
Martxoaren 18an eta 25ean barrea eta komikotasuna lantzeko tailerra eginen du Bea Larrañagak. Arizkunenean izanen dira saioak, 17:30etik 19:30era, eta 8-14 laguneko taldearekin. Bertan, josteta eta dinamiken bitartez, konfiantzazko eremu ludiko bat sortu eta teknika komikoak ikasiko dituzte. «Norberaren alderik dibertigarriena ateratzea» eta «erridikuluaren beldurra eta beldur eszenikoa gainditzea» du helburu.