Baztango bederatzi ekoizlek sortu dute Herriaren Elikadura Herriaren Esku taldea: Amaia Iturriria (Uhaldeko), Ana Iriarte (Baztango Xurie), Irati Usandizaga (Kortariko borda), Joseba Arrijuria (Gartxeneko borda), Lorentzo Sarratea (Ernaut), Maria Torres (Autxitxia), Mikel Azkarate (Jauregia Esnekiak), Ruth Peña (Gorritiko borda) eta Xabi Torres (Eztibeltza kooperatiba).
Elkartzeko arrazoi eta helburua argi dute: «nekazaritza sektorea desagerpenera eta dependentziara eraman duten politika, erabaki eta jarduteko moduak aldatzea». Gainera, «helburu horrekin bat egiten duten nekazariak» taldean parte hartzera gonbidatu dituzte, eta prestutasuna adierazi dute «nekazaritzan ez diharduten herritarrekin elkarlanean aritu eta aliantzak eraikitzeko».
Gaur egungo nekazaritzaren egoera aztertu du taldeak. «Azken hamarkadetan Nekazaritza Politika Bateratuak laguntza gehiago eman die abere eta lur gehiago edo makineria handiagoa dutenei. Horrek etxalde batzuen desagertzea ekarri du, eta bertze batzuen handitzea». Handitze horrek «ondorioak» utzi ditu:
- «Ohiko hurbileko salmenta kateak baztertu eta elikadura katearen kontrola eman die tratante, banatzaile eta merkatalgune handiei».
- «Ekoizpenaren inguruko baliabide naturaletatik urruntzea ekarri du, etxaldeetan intsumoak, makineria… kanpotik erosteko tendentzia ezarriz».
- «Kopuruari garrantzia ematean, lurraren zaintza eta iraunkortasuna bigarren planora pasa ditu».
- «Nekazarien menpekotasuna bultzatu du, autonomia galduz ekoizpenerako baliabideekiko eta banatzaile handiekiko».
Horren aitzinean, «komunitateko elikadura beharrei erantzunen dien eta Euskal Herrira egokitutako nekazaritza politika bat» aldarrikatu dute, hurrengo ideietan oinarritua:
- «Elikadura osasuntsua ekoizteko eskubidea dagokio komunitate orori, ekoizpenerako baliabideak izan eta ekoizpenaren antolaketan parte hartzeko eskubidea. Horrek dakartzan ardurak hartzea ere bai, noski. Nekazari eta herritarrok elkarrekin egin beharreko bidea da».
- «Etxaldeetako mozkinen merkaturatze kate laburrek herritarren eta nekazarien arteko harremana handitzen dute, baita nekazarien prestigioa ere, tokiko ekonomian positiboki eragitearekin batera. Bultzatu egin behar dira. Merkaturatze kate luzeagoetan, kalitatezko zigilu edo sormarkak garrantzitsuak dira».
- «Hobe nekazari txiki aunitz, handi gutti baino. Lurrrak eta gainontzeko baliabideak, diru laguntzak eta merkatu kuotak zenbatez eta gehiago banatu, hobe. Baztanen ditugun lur komunalen banaketetan, erosketa publikoetan, eta oro har erabakietan, irizpide hau sartu beharko litzateke. Lurren eta diru laguntzen banaketak ez luke lur hedaduraren eta abelburuen proportzionala izan behar: lehenbiziko hektarea eta abelburuak gehiago baloratu beharko lirateke, edota maximo bat ezarri, eta bertze irizpide batzuk hartu beharko lirateke positibotzat: lanean ari den jende kopurua, lurraren emankortasuna zaintzea, elikagai hori inguruko herritarrek eskura izatea...».
- «Lurraren gaurko ustiaketak biharko ustiagarritasuna ere bermatu behar du. Lurraren iraunkortasuna zainduko duen nekazaritza behar dugu».
- «Ekoizpen dibertsifikatua bultzatu behar da, bai etxalde bakoitzean, baita etxaldeen artean ere (gauza ezberdinak ekoizten dituzten etxaldeak)».
- «Salatu nahi dugu aunitzetan eztabaidetan ematen den sinplifikazioa. Badirudi Egungo Nekazaritza Politika Bateratuaren aurkako norantzan hartutako neurriak nekazarien aurkakoak direla, hala adierazi ohi dute hainbat nekazarik (adibidez herbizida eta pestizida batzuen erabilera murrizteko arautze saiakera). Aldarrikatzen dugu egungo NPBa dela nekazal sektorea desagertzera eraman duena, eta aipatu ditugun ideien norantzan doazen neurriak ongi etorriak direla. Diru laguntzekiko menpekotasunak eta egungo dependentziek ezin dute alternatiba eraikitzea blokeatu».