«Memoria historikoa berreskuratzeko eta kultur jarduerak bultzatzeko helburuarekin», Amaiurko Gaztelua Fundazioak eta Amaiurko Herriak goiz osoko egitaraua prestatu dute martxoaren 1ean elizan. Ekitaldiak debalde izanen dira, aretoa bete arte, eta Baztango Udalaren laguntza izan dute.
11:00etan hasiko da egitaraua, fundazioaren bi argitalpenen aurkezpenarekin. Alde batetik Amaiur 1922. Harrizko memoria liburua, Mintzoa argitaletxearen eskutik. 1922an gazteluko monolitoaren inaugurazioaren karietarat argitaratutako argazki albuma faksimile gisa erreproduzitzen du, hau da, edizio originalaren tamaina, tipografia eta ezaugarriak errespetatzen dituen kopia da. 20 argazki historiko biltzen ditu eta edizio mugatua da, 150 ale bakarrik argitaratu baitituzte. Nafarroan XX. mendean argitaratutako lehen argazki albumetako bat da.
Horrez gain, Patxi Agirre historialariak Manuel de Irujo, Amaiur y la historia de Navarra monografia aurkeztuko du. Lizarrako politikariaren eta Nafarroaren arteko lotura sakona aztertzen duen dibulgazio lana da, eta Irujok Nafarroako arazoen historiari, pentsamenduari eta helburuei buruz dituen ikuspuntuen ikuspegi orokorra eskaintzen du. Liburuaren funtsezko ardatz bat Amaiurren sinbolismoa da, 1522an Nafarroaren independentziaren aldeko azken borroka gertatu baitzen Foru Komunitatearen egungo lurraldean. 1922an monolitoaren inaugurazio ekitaldian egon zen Irujo, Nafarroa osorako memoria leku gisa definituz. Horrela, fundazioak omenaldia egin nahi dio Manuel de Irujori.
11:30ean, berriz, Eñaut Elorrietak kontzertua emanen du, bere Ateosteko biraren barnean. Fantasia diskoa aurkezteko bira akituta eta bere hurrengo lana ondu bitartean egiten ari den bira da Ateosteko, antzokietatik aterata herri ttikietako eliza, ermita eta baselizak lehenetsiz bere kontzertuetan. Amaiurren jotzeko ilusio berezia adierazi du musikariak, «urte hauetan zehar bisitatu duena eta memoria historikorako eta bere gaztelua berreskuratzeko auzolanean egindako lan komunitarioagatik erreferente izan dena».
Akitzeko, kanpora aterako dira eta Gernikako arbolaren kimu bat landatuko dute elizatean. Ekitaldian Gaztelu Taldeak kanta batzuk eskainiko ditu eta dantzari batek agurra dantzatuko du.