Eguraldiak lagundu ez badu ere, jendetza bildu du Elizondoko Astronomia gauak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 23a

Zeruaren behaketa kanpoan egin beharrean, Akelarre kulturgunean bildu ziren ortzirale ilunabarrean

Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarre kulturguneak Astronomia gaua antolatu zuten otsailaren 20an Elizondon. 40 lagunetik goiti bildu ziren Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko zientzia dibulgatzailearen azalpenak aditzeko. Hitzordua kanpoan egitekoa bazuten ere, zerua goibel zenez, Stellarium programaren bitartez ikusi zituzten zeruko mekanikak barnean.

Garcia zeruko mekanikaz mintzatu zen, «planetak, izarrak, konstelazioak… zer diren agertuz eta astronomiaren inguruko oinarrizko argibideak emanez. Hartz txikia konstelazioaz aritu zen konparazione, zazpi izarrez osatua, horietako bat Ipar izarra. Izar hori, gainera, arrunt garrantzitsua da, mugitzen ez den izar bakarra delako, lurra da bere ardatzaren inguruan mugitzen dena. Horregatik, itsasoan orientatzeko biziki baliagarria da».

Bertzalde, «zeruko konstelazioak greziar kulturatik heldu zaizkigula erran zuen, Zodiakoko irudi gisa ezagutzen ditugun horiek, hain zuzen. Baina izarren multzokatzeak eta horiek sortzen dituzten irudiak, konstelazioak, kulturen arabera aldatzen dira».

Izarrei buruz ere mintzatu zen, «bakoitzak bere kolorea du, beroarekin lotua dena, eta bitxikeri gisa, Orionek 22 milioi urte dituela erran zuen, hortaz, dinosauroen garaian ez zegoen. Hortik ondorioztatzen da izarrak sortu eta hiltzen direla. Betelguesel izarra erran modu batez, hiltzen ari da, nahiz eta oraino ehunka urte batzuez biziko den».

Planetek «berezko argia dutela erran zuen, eta izarrek eguzkiaren argia islatzen dutela, dir-dir eginez. Planetak, modu berean, ez dira mugitzen, baina izarrak bai. Eguzki eta ilargi eklipseez ere mintzatu zen, aurten, adibidez, eguzki eklipsea abuztuaren 12an izanen da».

Akaberan, berriz, «argi kutsaduraz solastatu zen, herrietako gehiegizko argiztapenaz, eta LED argien kalteez. Argi kutsadurak biodibertsitatean eragina du, ziklo bitaletan bertzeren artean. Eta gizakien osasunean ere ondorioak dituela ikusi ahal izan da. Modu berean, gehiegizko argiztapenak, Bortle indizearen bidez neurtzen denak, gauaz eta izarrez gozatzea galarazten du. Arrazoi horiengatik hain zuzen, Ipar Euskal Herriko herri batzuetan gaueko ordu jakin batzuetatik aitzinerat argiak itzaltzen dituzte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun