Baztango Talde Ekosozialak eta Akelarre kulturguneak zeruko konstelazioez eta zeruko mekanikaz ikasteko astronomia behaketa antolatu dute. Elizondon izanen da saioa, otsailaren 20an, ortziralea, 19:00etatik 21:00etara. Virginia Garcia Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomia dibulgatzaileak gidatuko du.
Hitzordua plazan eginen dute, «herriko erdigunean, bertze aldietan herriak biodibertsitate gordailu izan daitezkeela erakutsi nahi izan dugun modu berean, oraingoan, astronomiaz gozatzeko tokiak ere izan daitezkeela erakusteko. Alta, horretarako, herrietako argi kutsadura apaltzea ezinbertzekoa da, eta hori bera solasbideetako bat izanen da saioan, astronomia gaiez haratago. Gehiegizko argiztapenak xahuketa energetikoa, lo eta osasun arazoak, biodibertsitatean ondorioak… sortzeaz gain, gaueko zeruaz gozatzeko aukera trabatzen duelako. Hala, «urruneko planeten eta izarren behaketa egin ahal izateko teleskopioak izanen dira, eta Garciaren azalpenak ere bai».
Eguraldi txarra egiten badu, Akelarre kulturgunean ordezko saioa eginen dute; Stellarium programaren bidez, zeruko mekanika ulertzeko emanaldia eskainiko dute.
Saioa debalde izanen da eta otsailaren 19ra arte eman daiteke izena. Horretarako baztanekosoziala@protonmail.com edo akelarrekulturgunea@gmail.com helbiderat idatzi beharko da.