Baztango Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek Almandozen akitu berri dituzten lanak bisitatu dituzte gaur goizean. Sasoi Eraikuntzak SL enpresa arduratu da Krean S. Coop. enpresak idatzitako proiektua exekutatzeaz.
Berritu den zatiak 510 metro inguruko luzera du eta «Almandozko bide nagusiaren narriadurari eta gabeziei erantzuna eman diete lan hauek». Aldi berean, hornidura sareak, ur beltzak eta euri urak berritu dira, baita zeharbidetik igarotzen diren telefonia eta argiteria publikoko kanalizazioak ere.
Almandozko zeharbideko zorua «egoera txarrean zegoen denboran zehar trafikoak eragindako narriaduraren ondorioz. Sareak berritu eta bideratu dira eta ur beltzen araztegia berritu da NILSAk herriko araztegi berria egiteko ezarritako baldintzak betetzeko. Gainera, orain arte aireko linea bidez egiten ziren sare elektrikoan eta telefonian jardun da, fatxadetan eta herriak jarritako zutoinetan atxikita zeudenetan. Telefono bidezko banaketa-sarearen kanalizazioa lurpekoa izanen da aurrerantzean».
Hainbat hilabetetako lan honekin batera, Baztango Udalak Jauregia etxearen aitzinaldeko eremuan plaza moduko bat egin du. 18.252,12 euroko inbertsioa egin dute «herritarren elkargunea izan nahi duen txoko ederra atonduz».
Almandozen egindako lanekin akitzeko, berritutako plaza horretan berean dagoen Jauregia etxeko beheitiko solairuan komun publikoa egin du udalak, 28.519,94 euro bideratuz.
