«Inauteek garrantzia handia izan dute beti Erratzun»

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 14a

Xabier Irigoien Urrutia, Erratzuko alkatea.

Xabier IRIGOIEN URRUTIA, Erratzuko alkatea.

Joan den urte hasmentan hartu zuen Erratzuko alkatetza Xabier Irigoienek. Herriko martxaz eta bihar abiatuko dituzten inauteez mintzatu da.

Nola animatu zinen alkatetzara?

Herrian badugu alkatetza taldea, 10 bat lagunek osatzen duguna, eta ni hor sartua nintzen duela 3-4 urte. Joan den urtean alkatetza aldatzean, pausoa emateko ordua nuela iruditzen zitzaidan, belaunaldi berri baten txanda. Baina batek alkatearen izena hartzen badu ere, elkarri laguntzen diogu eta denon artean eramaten dugu.

Zein dira alkatearen ardurak?

Baztango herriek udal propiorik ez dutenez, herritarren eskaerak eta kexak Baztango Udalera eramatea eta herriko ardurak kudeatzea.

Zuretako erraza da aurpegia ematea?

Aurpegia ematea erraza iruditzen zait, baina beti ez da posible herritarren eskaerak betetzea. Eskatzea libre da, baina ezetz erratea ere bai. Jendearekin bitartekaritza lan hori egiten ikasi behar da.

Nor dituzu kargudun?

Kaiet Itoiz, Jone Uriarte, Mairu Garisoain, Markos Aizpurua, Iñaki Sanzberro… orokorrean jende nahiko gaztea dugu taldean. Dinamika honek urte parrasta bat eramaten du eta oraingoz ongi funtzionatu du. Hurrengo urteetan ikusiko dugu jendea animatzen den alkatetza taldean sartu eta parte hartzera.

Nola banatzen dituzue lanak?

Batzuk gure ardurak ditugu, adibidez Kaiet uraz arduratzen da, arras inportantea dena. Hala ere, normalean arazoren bat edo eginbeharren bat dugunean egiten ditugu bilkurak, denon artean konponbidea bilatzeko eta lanak partitzeko. Hau da, beharren arabera biltzen gara, ez astero edo hilabetero.

Alkate izateak egunerokoan aunitz eragiten dizu?

Normalki ez. Lana sasoika izaten da eta gero gauza zehatzak izaten ditugu: kontuak aurkeztu behar direla, auzo batean ur ihes bat dugula, kudeaketak egin behar direla, joan-etorriak Elizondorat material eske… baina aunitz telefonoz, emailez edo ordenagailutik egiten dugu.

Zein behar ikusten dituzu Erratzun?

Turismo masifikazioa izaten da urteko garai batzuetan eta asteburu aunitzetan, eta hori kudeatu behar dugu. Duela urte batzuk aparkalekua egin zen hori bideratzeko, eta orain hor gauza gehiago behar direla uste dut: komun bat, iturria… Horrez gain, alde guzietan bezala, oraindik etxe batzuetara joateko pistak zolaberritu behar dira, eta horrelako gauzak.

Zein lan egin dituzue azken urtean?

Herri sarreran dagoen errota aspaldiko bazkide talde batena zen, eta eroria zegoen. Pertsona batek emandako dirulaguntzarekin berritu ahal izan dugu eta orain herriarendako erabilpen bat ematen saiatuko gara. Bertzetik, beti bezala, hiruzpalau etxetako bideak berritu dira.

Eta orain ze asmo dituzue?

Aurten energia komunitate bat sortzea dugu helburu eta horretarako mugitzen hasiak gara. Bertzetik Herriko etxea bere momentuan erosi eta konpondu zen herriarendako, eta horri irteera bat eman nahiko genioke: areto bat antzerki, kontzertu eta bertzelako ekitaldiendako.

Turismoa da bertze gai inportantea herrian. Ongi bideratu da?

Turismoak boom ikaragarria izan du Baztanen azken urteetan, baina zerbitzuen aldetik ez dakit prestatuak gauden hainbertze jenderendako. Ostatuak badira, baina gero turistak beti gelditzen dira ez dakitela non jan edo horrelako arazoekin. Hortaz ari dira saiatzen turismoa pixka bat mugatzen, plaza mugatuak dituen aparkalekua bezalako ekimenekin. Google Mapsekin ere turistek arazoak izaten dituzte eta galduta ibiltzen dira herrian eta auzoetan kotxearekin, eta hori ere konpondu nahian gabiltza. Hala ere, ez dut uste turismoak kalterik egiten digunik, ohituratu gara.

Inauteak hurbil dituzue. Inaute zalea zara?

Bai, inaute zale porrokatua naiz! Uste dut herri ttikietan orotara denek maite ditugula inauteak, batzuk gutixeago eta bertzeak gehixeago. Gainerako bestekin konparatua bertze xarma bat dute, giroa nahasten da eta jendeari bertze grina bat ateratzen zaio.

Erratzun inportantzia handia dute?

Bai, gainera oraino igande, astelehen eta astearteko formatua mantentzen dugu eta jende aunitzek libre hartzen ditu aste tarteko egun horiek inauteak bizitzeko. Jendeak gustuko ditu eta garrantzia ematen zaio.

Nolako etorkizuna du herriak?

Polita. Nahiz eta herri ttikia izan, kristoren bizitza soziala dugu, jende aunitz elkartzen gara eta tabernak ere baditugu. Herritarrak ateratzen dira, giro ona dugu, haurrak ere baditugu eta jendeak Erratzuko herriaren aldeko apustua egiten du, hortaz, etorkizun ona ikusten diot.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun