Baztango Udalak 16 etxebizitza berri eraikitzeko proiektua bultzatuko du Elizondon, etxebizitza kooperatiba baten bidez eta lur eskubidearen erregimenean. Udalak lurzorua jarriko du, eta kooperatibak hartuko du bere gain etxebizitzen eraikuntza eta ondorengo kudeaketa. Prozesuan Nasuvinsak laguntza teknikoa eta aholkularitza eskainiko ditu: kooperatiba eratzeko urratsetan, eredua definitzeko lanean eta etxebizitza politikarekin bat datorren garapena bermatzeko.
Zer da lur eskubidea?
Udalak azaldu duenez, «lur eskubidea formula juridiko bat da, non lurrak jabe publikoarena izaten segitzen duen —kasu honetan, udalarena—, eta etxebizitza eraikitzen duten pertsonek edo kooperatibako bazkideek eraikinaren erabilera eta jabetza eskubidea eskuratzen duten epe luzerako, 75-99 urterako (epea luzatzeko aukerarekin). Eredu honek etxebizitzak merkatu librekoak baino merkeago eskuratzea ahalbidetzen du, lurzoruaren kostua ez delako etxebizitzaren salmenta prezioan sartzen».
Horri «gehitu behar zaio Nafarroako Gobernuak dirulaguntza ere ematen duela etxebizitza bakoitzeko, guti goiti beheiti 35.000 eta 45.000 euro artean. Beraz, etxebizitzaren prezioa merkatu libreko salmenta edo alokairu prezioen azpitik kokatzen da nabarmen, eta epe luzera egonkortasun handiagoa eskaintzen du».
Informazio solasaldia
Proiektuari buruzko informazio zehatza emateko eta herritarren zalantzak argitzeko, Baztango Udalak eta Nasuvinsak informazio solasaldi irekia antolatu dute Arizkunenea kultur etxeko sabaian, otsailaren 24an 18:30ean. Solasaldian azalduko dira proiektuaren ezaugarriak, kooperatiban parte hartzeko baldintzak eta hurrengo urratsak.
Baztango Udalak «herritar guztiak gonbidatu nahi ditu informatzera eta parte hartzera, etxebizitza eskuragarria eta eredu berritzaileak sustatzeko helburuarekin».