Bertaneko komertzioek erakusleihoak apaindu dituzte Emakume Zientzialarien Egunean

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 11

«Emakume zientzialariak aitortzeko eta neskei erreferentziak eskaintzeko» eguna da gaurkoa, «estereotipoak hautsiz eta jendarte osoa interpelatuz»

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da otsailaren 11n, eta Baztango Udalak eta Bertan elkarteak bat egin dute Elhuyarren 'Otsailaren 11ko Erakusleihoak' kanpainarekin. Azken egunetan Baztango 26 saltokik erakusleihoak apaindu dituzte, bakoitza emakume zientzialari bati eskainiz.

«Berdintasunaren aldeko mezua herriko karriketara eramatea» da ekimenaren helburua. Udalak «feminismoari buruz informatzera eta formatzera» animatu ditu herritarrak, «genero desberdintasunak murrizteko eta jendarte justuago eta berdinzaleago bat eraikitzeko».

Nazioarteko eguna

Zientzian, teknologian, ingeniaritzan, artean eta matematikan (STEAM) aritzen diren emakumeen ekarpenak ikusaraztea da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren helburua.

Ekimena «beharrezkoa dela» azpimarratu du udalak, «STEAM arloetan genero arrakala oraindik nabarmena baita: Nesken presentzia ttikiagoa da ikasketa teknikoetan, emakumeek ikerketa eta erabaki postuetan ordezkaritza guttiago dute, eta erreferente femeninoen ikusgarritasunak mugatua izaten segitzen du. Nafarroan ere egoera hori islatzen da, eta horrek eragin zuzena du aukera berdintasunean eta etorkizuneko lan aukeren banaketan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun