Inauteak 2026

Giro polita izan dute aurten ere Berro eta Beartzungo inauteetan

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 10a

Inauteetako ortziralea, joan den urtean bezala, Baztan-Bidasoko zokoak iratzarriz hasi genituen Berro eta Beartzungo gazteek, Xorroxin Irratiko Egun onarekin. Hogei gazte inguru ibili gara aurten gure blusa lorekariekin udaberria negura ekarriz, Arizkungo soinulariak lagun.

Argazkiak eta testua: Gorka Laurnaga

Ortziralea Berron, eta erraten ahal da izar mediatiko bihurtzen ari garela, Xorroxinekin guti ez eta Euskadi Irratikoak ere egon baitziren ortziraleko gosarian (tuku-tuku esentzia filmatu zuten), inauteri xume horien xarma Euskal Herrira hedatu nahian. Poxkoneraino lagundu gintuzten eta han harrera alaia, jantzi ederrekin, egin ziguten bertakoek eta handik etxez etxeko bidaia: zortzikoak, Bud Bunny eta but-but aditu zen, volleyballean aritu ere; etxeko patxaranarekin hidratatu ginen eta lechefritekin glukosa berreskuratu. Gasnaren gibeletik lasterka egin genuen sasietaraino eta caipirinha koktel pare batekin eskuan Azoreetan baina hobe egon ginen Berroko baserrien aterpean.

Larunbata Beartzungo Etxeberrian bapo janez hasi genuen, begi zuloak argituz baratxuri zopa beroarekin, ardoa edalontzi apaletan zerbitzatuz. Ez ginen Las Cadenasekin gehiegi kateatu eguna luze izaten delako, eta segidan Urruxkaraino, zeru garbia goitian, pagadiak azpian zabalduz. Harrizko baserrien paretek hartu gintuzten beren sukaldeetan, bertso pare batekin ausartu ginen eta zorionez ez zuen inork grabatu, propio eginiko kantu zaharren liburuxka eskutan eta besoz beso loturik aritu ginen Xorieri eta Behe Klasekoa kantatuz. Halaxe luzatu zen eguna eta gaua, berriz, Berroko elkarteko afariarekin borobildu genuen. Gerran eroritakoak etxera eta bertzeak Elizondora.

Gasna pisatzeko lehiaketaren irabazleak Gure Txokoakoak izan ziren Berron eta Laurentxenekoak Beartzunen, eta txanponen potearen lehiaketan Gure Ametsakoek izan zuten begi finena. Mila esker Berro eta Beartzungo gazteen partez, bertze urte batez zuen etxeen ateak ireki dituzuenoi. Eta zerbait falta bada zuen etxetik idatzi berrotzun@zazinongeldituzen.eus–era.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun