Bide batez, herritar gisa karriketan barna ez ezik, etxeko ostatuan—Casinon—lanean ere pasatzen baititu inauteriak Gonzalezek: «Ortziralean txarangapoteoan ibiltzen naiz, eta hurrengo egunean egun guzia ostatuan lanean aritzen naiz, bestondoa pasatzen».
Gonzalezek adierazi duenez, «etxe gisa sentitzen dut Elizondo, eroso sentitzen naiz hemen» eta herriaren berezitasunaz mintzo, «herri xumea izateak egiten du berezia Elizondoko herria» bere ustetan. Halabeharrez, «maite duena ongi zaintzen duen horietakoa» ere badela argi utzi du eta hitzak ekintzekin berrestearen aldekoa dela bistakoa da, herriko inauterien bizitasuna mantentze aldera hor ibiltzen baita ostatua goitik beheiti apaintzen eta itxuraldatzen: «Lan ikaragarria egiten dugu, lehenbizi ideia pentsatu eta ondotik ideia zerbitzariekin bateratzeko moduak bilatu; normalki, makillajea hartzen dugu oinarri, ostatuko zerbitzari ohiak, Miren Izeta makillatzaileak, makillatzen baikaitu egun horretan. Ondotik, ideiak denen artean partekatzen ditugu eta materiala begiratzen hasten gara ostatua apaintzeko eta bakoitzak bere jantzia prestatzeko».
Hori horrela, Casinon inauteriak betidanik «modu berezi batean» bizi izan dituztela esplikatu du, «ez ditugulako asteburu soil batera mugatzen». Ostatua inautetarako prestatze horretan, gibeletik lana izan badela ziurtatu du Gonzalezek eta oroitzen hasita baden lanaz betidanik jabetu izan dela erran du: «Gibelera begira, ostatuari dagokionez betidanik ezagutu izan dut inauterien gibelean dagoen lana. Ttikitan amarekin hurbiltzen nintzen aitaren makillajea eta ostatua nola apaindu izanen zuten ikustera».
Gisa berean, lana bai, baina herritarren partetik biltzen dituzten piropoekin eta prestaketa lanetan ostatukoen artean sortzen den «giro onarekin» kontent agertu da: «Jendeak gure mozorroekiko, ostatuko apaingarriekiko zein makillajeari buruz erakusten duen erantzun positiboa aunitz eskertzen dugu».
Azkenik, aurtengo inauteriei begira, ortziralean «txaranga-poteoaz disfrutatzea» eta biharamunean «lan giroan gozatu eta eguna hain luzea ez egitea ere» espero duela iragarri du Gonzalezek. Bidenabar, etorkizun urrunago batera begiratzeko eskatu eta «sobera amesten ez duenetarikoa» dela aitortu du, «momentua bizi, egunerokotasunaz gozatu eta datorrena esku zabalik hartu» nahiago duela aitortuz.