Otsailaren 6an ospatu zuten Orakunde 8 neska-mutikok, maistrak, soinulariak eta alkateak. Zigaurre eta Zigako larrain, sukalde edo atarietan etxeko andre eta gizonekin solas batzuk, kantu, broma edo joko batzuk egin zituzten. Ondotik bazkarian 21 lagun elkartu ziren eta ilunabar arte frontoian jostetak, musika eta txokolate beroa hartzeko aukera izan zuten.
Aurtengoa, ordea, berezia egin duena eskolaren azken urtea izaki, maistren presentzia izan da. Azken hamarkadetan irakasle erreferente kuadrillaren eskutik ospatu izan da besta eguna, bestaren parte garrantzitsua izan baitira bai antolaketan, bai etxeetako ibilbidean eta baita arratsaldeko jokoetan ere. Aurtengoa, Maite eta Leireren laguntzaz egin da. Esker mila urte luzeetan bai zuek eta bai aitzinetik ibili izan ziren maisu-maistra guztiei!
Eskolan ondoko bertsoa landu zuten; eta oroigarri gisa Orakunde egunean etxez etxeko ibilbidean banatu zituzten, emozio aunitz dantzan jarriz. Esker bertsoak horrela dio:
“Larrainak edo ateak
gainera borondateak
gure azkena da ta esker mile
Zigako etxe maiteak
Eskola ixten den bezala
haurrak urrun berehala
baina gerora Orakunderen
ohiturak segi dezala”
Argazkietan aurtengo Orakundeko zenbait momentu hunkigarri ageri dira: etxeetako nagusiekin ateratako argazkiak, egindako egonaldiak, arratsaldekoak, etab. Bertsoak adierazten duen moduan, Orakunderen ohitura mantentzea Zigako herritarrei dagokigu, aldaketak, moldaketa, egokitzapenak… garai berriei aurre eginen diegu! Hurrengo urteetan ere etxeetan eta karriketan zapi gorriak, koloretako zintadun ezpatak edo betiko jostetak musikaz lagundurik ikusi eta gozatzeko.