ELA sindikatuak adierazi duenez, «Benito Menniko langileek urtebete baino gehiago daramate lan gatazkan, eta 134 greba egun egin dituzte dagoeneko zainketa lana aitortzearen alde eta lan baldintza guztiz prekarioak hobetzeko». Jakinarazi dutenez, «azken egunotan Hermanas Hospitalarias Fundazioak hainbat jakinarazpen zabaldu ditu. Horietan dioenez, plantillaren aldarrikapenak bere gain hartzeak plazaren kostua urtean 5.000 euro handitzea ekarriko luke, eta igoera horrek erabiltzaile bakoitzaren hileroko kuota 450 euro haztea suposatuko luke».
Enpresari «gezurretan ari dela» leporatu diote, «eta gainera ez du aipatzen 2023an fundazioak 567.792 euroko emaitza lortu zuela ohiko jardueran (EBITDA), eta 2020tik 2023ra 1.456.000 euro bideratu zirela kongregaziora. Enpresa horrek diru publikoaren kontura izan dituen onurak esku pribatuetara joan dira, lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean».
Langileen aldarrikapenak «ez dira neurriz kanpokoak. Plantillak urteko 22.400 euro gordineko soldata eskatzen du, ez da aparteko zifra. Soldata hobekuntzekin batera, langileek zerbitzuaren kalitatea eta erabiltzaileentzako arreta hobetzeko neurriak planteatu dituzte, baina enpresak ez ditu proposamen horiek kontuan hartu».
Azkenik, berriz salatu dituzte «Nafarroako Gobernuko azpikontratazio ereduaren gabezia larriak. Lehentasuna ematen die enpresen onurei zerbitzuari berari baino. Gainera, bereziki larria da enpresak gatazka familien gain jartzen duen bitartean, gobernuak ezer egin gabe eta diru publikoarekin sostengatutako zerbitzu batean duen erantzukizuna bere gain hartu gabe segitzea. Pasibotasun horrek langileak prekarizatzen dituen, zerbitzua murrizten duen eta familiak mehatxatzen dituen enpresaren alde jartzen du gobernua».