«Pediatria postu guztiak betetzea eta osasun lege txukun bat» eskatu du Baztango Osasun Plataformak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 5a

80 bat lagun bildu ziren atzo arratsaldean.

Atzo egin zuten otsaileko elkarretaratzea eta hurrengoa martxoaren 4an izanen da, 18:00etan Elizondoko Osasun Etxean

Baztango Osasun Plataformak adierazi duenez, «postu guztiak beteak egon daitezela eskatzerakoan, ezin dugu bazter batean utzi pediatria zerbitzua. Plaza hau espezialitaterik gabe dago, eta gainera plaza erdi bat betetzeko dago. Honi erreparatzen badiogu arretaz, konturatuko gara nolako garrantzia duen behar den bezala hornituta egotea haurren zaintza. Eta Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko gurasoek ere merezi dugu gure haurrek behar den bezala artatuak izan daitezen».

Horrez gain, «osasun lege on batek ez ditu konponduko osasun afera guztiak, baina ezinbertzekoa da lege txukun bat izatea, gero bere garapenak arreta duin bat eman dezan leku eta egoera desberdinetan. Aspaldixko gabiltza bueltaka afera honekin, baina oraindik ez da aurkeztu Foru Lege Berriaren proiektua Nafarroako Legebiltzarrean. Berriki irakurri izan dugu hedabideetan, Nafarroako Gobernuko Osasun Kontseilariak erran duela lehenbailehen nahi duela akordio bat erdiestea. Eta iragarpen honek kezka sortzen digu. Hainbertze denbora egon delarik aurkeztu gabe, orain presaka onartzea planteatzea, susmagarria da. Mila eta gehiago helegite aurkeztu zitzaien Nafarroako Osasun Plataformatik, eta helegite horiek behar den bezala txertatzeko lege berrian, ezin daiteke presaka egin. Akordio on bat, lege on bat lortzeko, eztabaida irekia eta garbia eman behar da, eta horrek denbora eta gardentasuna eskatzen du».

Dagoeneko osatuta dute Baztango Osasun zaintzaren zuzendaritza taldea; «hartu eman bat izan dugu berekin, eta elkar lanean, Baztango Osasun Plataforma eta Osasun Zuzendaritza taldea, ekiteko borondatea badago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun