Baztango 26 saltokik erakusleihoak apaindu dituzte emakume zientzialarien omenez

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 2a

Elisabeth Rasekoala kimika ingeniariaren omenez apaindu du erakusleihoa Elizondoko Malmök.

Baztango Udalak eta Bertan elkarteak bat egin dute Elhuyarren 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenarekin. Horrez gain, 'Zientzia emakumeak gara' erakusketa irekiko dute Arizkunenean eta ginkana publikoan parte hartzeko aukera izanen da.

Gaurtik hasita eta otsailaren 11ra arte, emakume zientzialari baten omenez apainduko dituzte erakusleihoak Baztango 26 saltokik. Horrela, bat eginen dute Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin, otsailaren 11n ospatzen dena. Elhuyarrek abiatu du ekimena eta guztira 400 saltokik bat egin dute Euskal Herri osoan.

Establezimendu bakoitzak emakume bati eskainiko dio erakusleihoa, eta ilustrazioez gain, haiei buruzko informazioa bilduko dute bertan. Dendariak «emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtzea» du helburu ekimenak. 12 zientzialari omenduko dituzte guztira: Jane Goodall primatologoa; Mari Luz Guenaga Gomez informatika ingeniaria; Ola Arafat farmazialaria eta ekintzailea; Marie Anne Gillan Boivin emagina eta asmatzailea; Yásnaya Aguilar Gil hizkuntzalaria; Elisabeth Rasekoala kimika ingeniaria; Amaia Ortiz Barredo fitopatologoa; Ruby Payne-Scott fisikaria; Hong Wang matematikaria; Lourdes Herrasti Erlogorri historialaria eta antropologoa; Rebecca Lee Crumpler medikua; eta Olatz Ortega Vidales ekotoxikologoa.

12 zientzialari horien inguruko ginkanan parte hartzeko aukera izanen da, saltokiz saltoki emakume protagonisten inguruko galderei online erantzunez. Baztanen hurrengo establezimenduek parte hartuko dute: Malmö, Fantxike, Zuri, Barrutia 12, Artesiaga, Akelarre, Piko Piko, Axular, Argibel, Gabe, Noa, Elbeteko Posada, Izeta, Kattalingorri, Zangue, Beatriz, Pixuke, Estibaliz, ⁠Jaimerena, ⁠Kaxkamelon, Virgilio, ⁠Idoia Oteiza, Altxuko Denda, ⁠Iris, Autxitxia eta Ze goxo. 

Horrez gain, Baztango Udalak 'Zientzia emakumeak gara' erakusketa paratuko du Arizkuneneko lehen solairuko pasilloan, egitasmoan ikusgai egonen diren irudietan oinarritua.

Emakume omenduen horma irudiak eta istorioak eskuragai daude bizilabe.elhuyar.eus webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun