Biologian doktorea eta EHUko irakaslea da Berastegi, eta antolatzaileek azaldu dutenez, «hezeguneez jakintza zabala du, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoan – oraingo Orekan- herrialdeko hezegune gehienak aztertu behar izan zituelako».
Landetako bidekoaz «erran zuen ez dagoela katalogatua, baina ikusizko azterketa baten arabera hala dela, ur elementuak eta habitat mota horri dagozkion landareak dituelako, nahiz eta hezegune ttikia izan. Bere balioa zehazteko azterketa zehatzagoa egin beharko litzateke: landare eta animaliak behatu, lurraren osaera aztertu eta hezegune horretan ematen diren prozesuak ere bai, karbonato kaltzikoarengatik eratutako troskak dauden ondorioztatzeko, konparazione. Animalia espezieei buruz, zehazki, horietako batzuek hezeguneak beren zikloa osatzeko beharrezkoa dutela erran zuen: igel jalkariak, bertzeren artean; eta enara eta gauenaren gisakoek, berriz, bazkatzeko…».
Horrez gain, «herritik hurbil egoteak balio jakin bat ematen diola aipatu zuen, eta komeniko litzatekeela inguruetan, bailararen zolako eremu zabal horretan zorrotzago behatzea, hezegune ttiki gehiago agertuko balira, sistema bat osatuko luketelako eta horrek garrantzia handituko lukeelako».
Halaber, «hezeguneari balioa emateko izen bat ematea garrantzitsua dela erran zuen, horrela nortasuna ematen zaiolako, eta hori delako zerbaiti kasu egiten hasteko lehenengo urratsa. Modu horretan, Udal Plana egiterakoan, bertan sartzea komeniko litzatekeela aipatu zuen».
Gainerakoan, «euria zarraztaka ari zuela, landetako bidean aitzinatu eta belardi heze batez mintzatu zen, trantsiziozko eremu bat datekeena, ihiz osatua. Inondik ere baztertu gabe azterketa zorrotzago batek hezegune gisa kalifikatzeko elementuak ematea. Belai horretan berriki egindako drainatze lanak ageri dira, segur aski lehenagotik egindako batzuen gainean. Hala, hezeguneen bilakaerari buruz, nekazaritzarengatik horietako aunitz drainatu eta idortu zirela erran zuen. Hezeguneak Europako lurralde osoaren %20 inguru hartzen zutela kalkulatu izan da».
Herri inguruko «hezegune eta trantsizio eremuek landa eremuko paisaia aberasten dutela erran zuen, ohiko osagaiei berriak gehitzen zaizkielako. Gainera, hezeguneak urtean barna aldatzen dira: uraren maila, landarediaren garapena, loreen zabalpena… Eta horrek bistarako arrunt erakargarri egiten ditu».
Nafarroan 400 hezegune katalogatu dituzte, eta horietatik 150 balio handikoak dira. «Modu berean, orain bizi dugun biodibertsitate galera eta klima larrialdian hezeguneek garrantzia ezin handiagoa dutela nabarmendu zuen, biodibertsitatearen gordailu izateaz gain, klimaren beroketa moteltzeko karbono xurgatzaileak direlako».
