Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Zigor ekonomikoari aurre egiteko diru bilketa abiatu du Aroztegiko Elkartasun Komiteak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 1a

Iruñeko Manifestazio Nazionalaren urteurrenean paratu dute martxan kanpaina eta 70.000 euro biltzea dute helburu, zigor ekonomikoa eta epaiketako gastuak ordaintzeko. Ekarpenak egiteko kontu korronte zenbakia ireki du taldeak.

Joan den irailean Iruñeko zigor arloko hirugarren epaitegiak jakinarazi zuen Aroztegiko auziaren epaia; «obrak geldiarazteagatik eta indarkeria delituagatik» zigortu zituen zazpi auzipetuak, baina alde batera utzi zuen talde kriminalaren akusazioa. Ondorioz, 5.850 eta 9.900 euro arteko isun ekonomikoak ordaindu behar dituzte, 62.000 euro guztira, baina kartzela zigorrik gabe.

Honen aitzinean, proiektuko enpresek -Hotel Palacio de Arozteguíak, Palacio de Arozteguíak eta UGEPeko Konpentsatzio Batzordeak- erabakia errekurritu zuten. Nafarroako Auzitegi Probintzialak errekurtsoa alde batera utzi bazuen ere, Aroztegiko Elkartasun Komiteak ohartarazi du «enpresak segitzen duela bide judiziala luzatu nahian, helegite gehiago aurkezten». Horrez gain, helegiteak Espainiako Auzitegi Gorenera eramateko aukera ere irekia dute oraindik.

Ondorioz, «herri honek pairatzen duen errepresio juridiko eta ekonomikoak aitzinerat segitzen du. Epai hau behin betikoa ez bada ere, ez dugu arrazoirik pentsatzeko etorkizunean etorriko diren helegiteek gure kontrako zigor ekonomikoa arinduko dutenik».

Hori dela eta, «herritik eta herriarendako erantzuteko asmoz», taldeak diru bilketa abiatu du, 62.000 euroko zigorraz gain «epaiketako gastuak eta hainbat kalte ordain» estaltzeko. Guztira 70.000 euro biltzea dute helburu, eta horretarako kontu korrontea ireki dute: ES8230350136371360022868 (hartzailea: Alkaxuri).

Azkenik, «gonbidatzen ditugu orain arte herriz herri auzolanean gure bidelagun izan diren herri mugimenduak, herritarrak eta kolektiboak kanpaina honekin bat egitera, eta auzoz auzo nahiz herriz herri ekimen ezberdinen bidez diru bilketa honetan laguntzera. Esker mila denei, Aroztegia geldituko dugu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun