«Musika irakasle lana kontzertuekin uztartzen segitu nahi nuke»

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 31

Urtasun Huescako Torreciudadeko santutegian organoa jotzen.

Xabi URTASUN ERASO, Iruritako musikaria.

Goi mailako musika ikasketak egin ondotik, musika iruritarraren ofizio bihurtu da. Musikenen irakasle lanean dabil, eta horrez gain, han eta hemen kontzertuak emanez.

«Batzuetan Euskal Herrian eta bertzeetan Bartzelonan». Halaxe bizi da Xabi Urtasun Eraso (Irurita, 1993)». Hori bai, han edo hemen, baina beti musikaren bueltan. Aspalditik du musika pasio, eta pasio hori ogibide bihurtua du: alde batetik, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian irakaslea da, eta bertzetik, kontzertuak ematen ditu. Ibilbide luzea du musikaren munduan: zeharkako txirularekin hasi zen, eta ondotik, txistua eta trikitixa hartu zituen esku artean. Musikenen sartu zenean, pianoa probatu zuen. Gustu hartu eta organoarekin ere hasi zen, eta ondotik, klabezinarekin. Gaur egun, «batez ere» azken bi instrumentu horiekin omen dabil. Egindako bideari, bere egunerokoari eta etorkizuneko bere intentzioei errepasoa egiteko probestu du TTIPI-TTAPAk.  

Zeharkako flautarekin hasi zinen... 

Bai, zortzi-bederatzi urterekin Baztango Udal Musika Eskolan hasi nintzen, eta orduko oroitzapen onak ditut. 

Eta ondotik, txistua eta trikitixa... 

Hamabi urte nituelarik, txistuarekin hasi nintzen, eta hamabortz-hamasei urterekin, kasualitatez, trikitixarekin. Nire arrebak, ttikiagoa zelarik, trikitixa ikasi zuen, baina inoiz ez nion kasu handirik egin. Behin, ordea, bere trikitixa egongelan ikusi nuen, eta hartu eta probatzea erabaki nuen. Hola hasi nintzen Irats Trikitixa Eskolan.    

«Kimika ikastea erabaki nuen, baina ez zitzaidan gustatu»

Unibertsitatean, Kimika ikasten hasi zinen, baina ez zitzaizun gustatu, eta musika ikastea erabaki zenuen... 

Lehenagotik musika ikasteko ideia buruan ibilia nuen, baina institutuko azken urteetan, nire instrumentu klasikoak, flauta eta txistua, pixka bat alde batera utziak nituen. Momentu hartan, trikitixarekin ari nintzen eta ez zegoen bertzelako ikasketarik egiteko aukerarik. Musika afizio hartu behar izan nuen. Institutuan zientziak ere gustukoak nituenez, kimika ikastea erabaki nuen, baina ez zitzaidan gustatu. Orduan jakin nuen pedagogia musikaleko ikasketak bazirela Musikenen, eta aurkeztea pentsatu nuen.

Zaila izan zen sartzea? 

Bai. Ez nintzen kontserbatorioan ibilia, eta inoiz eman gabeko edukiak bazirenez, dezente prestatu behar izan nuen. 

Zer ikasten hasi zinen Musikenen? 

Pedagogia musikala ikasten hasi nintzen, eta aldi berean, pianoarekin. Gustatu zitzaidan, eta zerbait gehiago ikasi nahi izan nuen. Ordurako, organoaren eta klabezinaren musika dezente aditzen genuen, eta horrek ere atentzioa ematen zidan. Eta pianoaz gain, organoa ikasten hastea ere erabaki nuen. Pedagogiako ikasketak Musikenen egin bitartean, kontserbatorioan organoa ikasten aritu nintzen.  

Eta klabezina ere bai... 

Organo irakasleak klabezina ere erakusten zuen, eta ofizialki klabezina ikasten hasi gabe, mundu horretan sartu nintzen; klabezina jotzen aritzen nintzen. Pedagogia ikasketak akitu ondotik, goi mailako organo ikasketekin hasi nintzen, eta aldi berean, klabezina jotzen segitu nuen. Baina Euskal Herrian ez dago klabezinaren espezialitaterik eta Alemaniara joan nintzenean, klabezineko goi mailako ikasketak egin nituen. 

Alemaniara Erasmus bekarekin joan zinen, ez? 

Bai, hori da. Lehenbizian, Erasmus bekarekin Alemaniara joan nintzen, eta han gelditzea erabaki nuen. Han nintzela, organo ikasketak egin bitartean, klabezin karrera egin nuen.

«Lau bat urte pasatu nituen Alemanian eta arras esperientzia positiboa izan zen»

Nolako esperientzia izan zen Alemaniako egonaldia? 

Lau bat urte pasatu nituen eta arras esperientzia positiboa izan zen. Pandemia garaia tokatu zen, bizitza nahiko mugatua genuen, eta alde horretatik batzuetan pixka bat gogorra izan zen. Baita exijentzia handikoa ere, ordu aunitz pasatzen baikenituen ikasten. Baina orain, gibelera begiratuta, positiboa izan zela erranen nuke. 

Aldaketa handia izan zen? 

Alemaniara joan aitzinetik banituen sei urte Donostian bizitzen, eta Alemaniara joandakoan ere ongi moldatu nintzen. Alemana ikastea hasmentan ez zen erraz-erraza izan, baina hori ere esperientzia ona izan zen. Unibertsitatean munduko bazter aunitzeko jende aunitz ezagutzeko aukera izan nuen, eta gustatu zitzaidan. 

Baduzu orduko momentu bereziren bat gogoan gelditua? 

Momentuez baino gehiago, eguneroko kontuez oroitzen naiz. Eta adibidez, organoko eta klabezineko azken azterketak egin nituen egunak gogoan ditut. Organokoa egin nuenean, adibidez, pandemia garaia zen, eta baziren lege absurdo batzuk. Konparazione, jendea ezin zen nire azterketa aditzeko aretoan sartu, baina denak pasilloan egoten ahal ziren. Klabezinaren kasuan, azterketako momentua bera baino gehiago oroitzen naiz aitzineko eta ondoko momentuez, lagunak bisitan joan zirelako.

Alemanian, organoa eta klabezina gehiago sustraituak dira? 

Bai, han bertze tradizio bat dute. Igual garai batean hemen ere izanen zen, baina denborarekin galdu da. Alemanian, ordea, eliza aunitzetan, katedraletan... organoa jotzen dutenak organo ikasketak dituztenak dira, funtzionario modukoak. Ikasketen arabera, bakoitzaren funtzioak eta soldata argi zehaztuak dira. Lanbide arrunta da, arras normalizatua. Beraiendako arras beharrezkoa da lanpostu horiek ikasketak dituzten organistek betetzea. 

«Alemanian organisten lanbidea arras normalizatua da»

Eta hemen zein da egoera? 

Leku batzuetan badira organista profesionalak, baina ez Alemanian adina. Alemanian organoari lotutako bi ikasketa mota daude, bata kontzertuetara bideratua, eta hori egin nuen nik; eta bertzea organista liturgikoa izateko, alegia, elizetan jotzeko, koroak eta orkestrak zuzentzeko... Formazioa diferentea da eta hemengo ikasketak gehiago dira kontzertuak ematera bideratuak, alde artistikoa lantzen dutenak. Hemen organisten lanpostuak guti dira, eta lanbidea ez dago erregulatua. Espainiako Estatuan, katedral handi batzuetan aritzen diren organistek ez dute deus kobratzen, eta kontrara, eliza ttiki batzuetan aritzen direnek kobratzen dute. Dena den, orokorrean borondatezko lana da. 

Zaila da goi mailako musika ikasketak egitea? 

Dedikazio handia eskatzen du. Eta aukeratzen duzun instrumentuaren arabera, ordu dezente pasatu behar dituzu bakarrik, konparazione, organisten kasuan, elizetan. Horregatik komeni da, bertze gauzetan bezala, burua zaintzea.   

Zuk nola zaintzen duzu? 

Ikasteko ez diren tarteak bilatzen saiatzen naiz: lagunekin gelditu, kirola egin... Buruan duzun ideal horretara ez bazara ailegatzen eta saiatzen segitu nahi baduzu, obsesionatzea erraza da halako ofizioetan. 

«Inportantea da norbere buruarengan sinestea»

Kalifikazio gorenak lortu zenituen ikasketetan. Zein da halako emaitzak lortzeko sekretua? 

Lana, eta instrumentua jotzera ateratzen zarenean, zure proposamenarekin konbentzitua izatea. Denetariko jendea izaten da tribunalean, bakoitzak bere jotzeko manera du, eta nahiz eta jakin zure aukera ez zaiela denei hoberena irudiko, inportantea da norbere buruarengan sinestea.    

Gaur egun, Bartzelona eta Euskal Herria artean bizi zara. Nolakoa da zure egunerokoa? 

Bai, batzuetan Euskal Herrian, bertze batzuetan Bartzelonan... Hola ibiltzen naiz. Aurten, hirugarren urtez, Musikenen, pedagogiako departamentuan irakasle ari naiz, eta klase batzuk ematen ditut. Ongi sentitzen naiz irakasle lanean, nahiz eta aurten alderdi hori pixka bat pausatu nahi izan dudan. Musikenetik kanpo ez dut bertze inon klaserik ematen. Horrez gain, kontzertuak ematen ditut, nire aldetik edo taldean. Kataluniako Orquesta del Miracle orkestra barrokoan ibiltzen naiz, eta Bartzelonako bertze talde batzuetatik ere deitzen didate antzinako musika jotzeko. Hortik goiti ateratzen dena: koroetan pianoarekin lagundu, pianista laguntzaile izan, batzuetan kantatu... Denetarik pixka bat. Enpleguaniztuna naiz.

Organoa ez da eskura izaten den musika tresna. Nola moldatzen zara jotzeko? 

Eliza batzuetan ordu tarte batzuez jotzen uzten digute, baina beti ez, mezak edo dena delakoak izaten direlako. Hala ere, normalean, organista profesionala baldin bazara, etxean zerbait izan behar duzu: neurri ttikiagoko organoak, organo elektronikoak... Badira nahiko organo errealak ematen dutenak. Etxean zerbait  izatea beharrezkoa da, kontserbatorioek ez baitizute ikasteko behar dituzun ordu guziak ematen. 

Musika klasikotik kanpo organoak badu tokia? 

Gehienbat musika klasikoan eta akademikoan erabiltzen den instrumentua da. Beti izaten dira hartu-emanak bertze musika estiloekin, baina zerbait puntuala da. Bertze instrumentu tradizionalekin aditu izan dut, eta gogoan dut, joan den udan, Hungarian, kontzertu batean bertako instrumentu tradizional pare batekin uztartu zutela. Batzuetan pop munduko artistek kantaren batean edo bertzean organoa sartzen dute, nahiz eta zuzenekoetara ez duten eramaten organoa. Halako kasuak arras puntualak dira.  

«Niretako musika bizitzeko modu bat da. Batzuetan kanpotik zaila izaten ahal da entenditzea, batetik bertzera ibiltzea tokatzen zaigulako edo lehentasunak batzuetan ez direlako bertzeenak bezalakoak» 

Kontzertuak direla eta, aunitz bidaiatzea tokatu zaizu? 

Nazioartean ez dut ibilbide handirik. Euskal Herrian bertan ibili izan naiz, eta hemendik kanpo, Katalunian (Tarragonan eta Bartzelonan), Espainian, Frantzian, Alemanian, Portugalen, Hungarian, Perun...  

Nolakoa da halako kontzertuetan izaten den publikoa? 

Aldiro diferentea. Aunitzetan zaila da zer jende aurkituko duzun jakitea. Adineko jendea, konparazione, beti izaten da, baina batzuetan ez dakit zertaz gazte aunitz ere biltzen da. Oroitzen naiz, Burgosko herri batean emandako kontzertuan bildutako gehienak, adibidez, arras gazteak zirela; Portugalen egon naizen pare bat aldietan adin guzietakoak ikusi izan ditut, Hungarian ere bai... Zaila da arrazoia jakitea, baina publikoak ez du profil zehatzik. Nik behinik behin ez dut identifikatu. 

Urtasun Bartzelonako Palau de la Música Catalanan klabezina eta organoa jotzen, bat bertzearen gainean.

Zer da musika zuretako? 

Hasmentan afizioa bakarrik zen, eta orain, afizioa izateari utzi gabe, ofizioa ere bai. Niretako bizitzeko modu bat da. Batzuetan kanpotik zaila izaten ahal da entenditzea, batetik bertzera ibiltzea tokatzen zaigulako edo lehentasunak batzuetan ez direlako bertzeenak bezalakoak. 

«Bada hainbertze musika eta beti bada zerbait ikasteko»

Zer intentzio dituzu etorkizunera begira? 

Aurten irakasle lanean pausa bat hartu dut, baina etorkizunean klase gehiago ematea gustatuko litzaidake. Ez dakit ongi zer eta nola, baina musikaren irakaskuntzan zerbait gehiago egin nahiko nuke. Eta kontzertuen edo interpretazioaren aldetik, orain dudanarekin segitu nahi nuke: organo kontzertu batzuk, orkestrekin edo taldeekin jo, eta noizbehinka, nire konfort eremutik atera eta bertze gauza batzuk probatu.   

Ofizio honetan beti aprendiz? 

Bai, bai. Uste dut hau ez dela akitzen, batetik, errepertorio berria ikasi behar duzulako, eta bertzetik, baita gauza berriak ateratzen direlako. Berriki, organisten artean booma izan da Bach konpositorearen bi obra gehiago aurkitu baitituzte. Lehenagoko gauzak agertzen dira, eta gaur egungo konpositoreek ere eskribitzen segitzen dute. Bada hainbertze musika, eta inor ez da ailegatzen dena ikastera. Beti bada zerbait ikasteko. 

Labur-labur

• Musika tresna bat? Organoa.
• Musikari izan ez bazina, zer? Irakasle.
• Organoa entseatzeko toki bat? Alemanian ikasi nuen unibertsitatea, HMDK Stuttgart.
• Musikari bat? Catalina Vicens.
• Musika talde bat? Giardino Armonico.
• Musika genero bat? Ahotsa pianoarekin.
• Kanta bat? Aunitz ditut gustukoak, baina bat aukeratzekotan Xarmangarria zira.
• Gustatzen zaizun oholtza bat? Antzoki ttikiak gustatzen zaizkit, eta horietako edozein.
• Nora bidaiatuko zenuke? Istanbulera, Turkiara.
• Bizitzeko Irurita, Donostia, Bartzelona edo Alemania? Irurita.
• Iruritako txoko bat? Erreboteko plaza.
• Itsasoa edo mendia? Itsasoa.
• Kirola edo musika? Musika.
• Amets bat? Munduak ez okerrera egitea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun