Elikagaien xahuketaren kontrako ekimenaren balorazio positiboa egin du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 28a

2025ean 1.423,9 kilo fruta, barazki eta ogi bildu eta banatu dituzte, aitzineko urtean baino 400 kilo gehiago.

Elikagaien xahuketa murrizteko eta egoera ekonomiko ahulean dauden familien bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin, Baztango Udalak 2022an abiatu zuen janarien bilketa eta banaketarako ekimena. Hondakinen prebentzioan eta baliabideen kudeaketa arduratsuan oinarritzen da, eta egunerokoan elikagai freskoak eskuratzeko zailtasunak dituzten familiei laguntza zuzena eskaintzen die.

2021ean Nafarroako Hondakinen Funtsari esker erosi zuten hozkailu-izozkailuarekin hasi ziren, elikagai bankuek eskaintzen dituzten produktuez gain, janari freskoak ere banatzen. Momentu honetan fruta eta barazkiak Elizondoko Ze Goxoa fruta dendatik, Gartzaingo baratzeetatik eta bertze partikularren baratzeetatik lortzen dituzte. Ogia, berriz, Gartzaingo AndolorrEKO okindegitik. Guztira, iaz 1.423,9 kilo fruta, barazki eta ogi bildu eta banatu zituzten. Hortaz, Baztango Gizarte Zerbitzuak eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu zuten guztiei.

Ia 4 tona bilduak

Azkeneko lau urteetan, ia 4 tona fruta, barazki eta ogi bildu eta banatu dituzte ekimenarekin. Urtetik urtera bildutako produktuen kopuruak goiti egiten du; 2025ean, erraterako, aitzineko urtean baino 400 kilo gehiago jaso zituzten.

Hori dela eta, ekimenak bere bi helburu nagusiak lortu dituela dio udalak. Batetik hondakinen prebentzioa bultzatzea, zaborretara bidean ziren elikagaiak berrerabiliz, ingurumen inpaktua murriztuz eta ura eta energia aurreztuz. Bertzetik familietako ongizatea hobetzea, errenta baxuko familiei elikagai freskoak kontsumitzeko aukera emanez eta elikadura orekatua sustatuz.

Etorkizunera begira, udalak janaria xahutzen duten komertzio eta erakunde guziak ekimenarekin bat egitera animatu ditu. «Ekimenak argi erakutsi du elkarlanaren bidez eraginkortasuna eta iraunkortasuna lor daitekeela. Baztango Udalak konprometitua segituko du hondakinen prebentzioarekin eta herritar guzien bizi kalitatearen hobekuntzarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun