Baztango Udalak 30.818 euro hartuko ditu Nafarroako Hondakinen Funtsetik

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 28a

Bertzeen artean, birziklapen tailerrak finantzatuko dituzte diruarekin.

2025ean hondakinen kudeaketa hobetzeko egin zituzten ekintzak finantzatzeko erabiliko dute dirulaguntza

Hondakinen legearen arabera, zabortegira bideratzen den hondakin tona bakoitzeko, «kanon bat ordaintzera behartua» daude hondakinen kudeaketan aritzen diren entitate guztiak, Baztango Udala barne. Nafarroako kasuan, ordaindutakoaren bitartez Hondakinen Funtsa izeneko diru poltsa hornitzen dute. Poltsan bildutakoa udal eta mankomunitateei itzultzen zaie, eta bakoitzari zenbat itzuliko zaion erabakitzeko, kontuan hartzen dituzte urtean zehar hondakinen kudeaketa hobetzeko egindako ekintzak, lortutako murrizpena eta horien balorizazio edo birziklapen datuak.

2025ari dagokionez, Nafarroako Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 30.818,98 euroko dirulaguntza eman dio Baztango Udalari. Lortutako dirua iaz egindako ekimenak finantzatzeko erabiliko dute. Alde batetik, hondakinen prebentziorako: joste tailerra, material birziklatuekin egindako baratzeko mamuen tailerra, udaberriko azokako birziklapen tailerra, pitxer eta edalontzi berrerabilgarrien erosketa… Bertzetik, gainerako frakzioen bilketa eta balorizazioarendako:akonpainamendu zerbitzua, hondakinen egutegia, bilketa kamioietan GPS sistemaren ezartze eta mantentzea, ikasleekin Gongorako zabortegi eta ontzien sailkapen plantara bidaia eta bisitak, hondakinen ordenantzaren inguruko komunikazio kanpaina, komunikazio eta informaziorako kartelen diseinua…

Ekimen horiekin «hondakinen kudeaketa hobetu eta ondoko urteetan zabortegira bideratutako hondakin kopurua guttitu, ordaindu beharreko kanona murriztu eta frakzio birziklagarrien ehunekoa handitzea» du helburu Baztango Hondakin Zerbitzuak. Horretarako, «ezinbertzekoa da herritar guzien parte hartzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun