Hezeguneen Nazioarteko Eguna da otsailaren 2a, eta hitzordu horrekin bat eginik, Baztango Talde Ekosozialak gaiari buruzko ibilaldia antolatu du ilbeltzaren 31n, larunbata. Baztan Berritik 11:00etan abiatuko dira eta Elizondo eta Lekaroz arteko landetako bidean dauden hezeguneak ikusiko dituzte. Ordutebeteko saioa izanen da eta Asun Berastegik gidatuko du, biologoa eta EHUko irakaslea.
Antolatzaileen erranetan, «arriskuan diren balio handiko ekosistemak dira hezeguneak; alde batetik biodibertsitatearen gordailuak, eta bertzetik klima aldaketaren kontra borrokatzeko karbono biltegi handiak».
Hezeguneez aritzean «urmael handiak etortzen zaizkigu gogora, baina herri inguruan ere badira hezeguneak, maiz hiri, nekazaritza edo jarduera ekonomikoen garapenagatik desagertuak edo hondatuak. Landetako bidekoak ere franko hondaturik daude, belaituak, drainatuak… hala ere, jatorrizko sistemaren osagaiak ageri dira».
Ibilaldiaren helburua «herri inguruneak bertze begirada batez ikusten ikastea» da; «inguruan ditugun elementu naturalez jabetu, horiek herrian integratu eta ahal dela berreskuratu, herri berde eta bizigarriagoak sortzeko».