Elizondoko Besta Komisioak jendea behar du antolaketan laguntzeko

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 27a

Urteak dira Elizondoko Besta Komisioa laguntza eskean ari dela; gaur egun zazpi kide bertzerik ez ditu taldeak, eta herri osoarendako bestak antolatzea «zaila» dela aitortu dute. Bilera irekia antolatu dute otsailaren 6an Herriko Etxean eta bertan parte hartzera animatu dituzte elizondoarrak.

Besta batzordea «gazte ekimen gisa» abiatu zen, «herriko gazteen nahi eta beharrak kontuan hartzeko». Hala ere, gazte eta ez gazte animatu dituzte laguntzera, «inor kanpoan uzten ez duten bestak nahi ditugu, beraz, adin guzietako herritarren iritzi eta ekarpenak ongi etorriak izanen dira. Denon ardura da auzolanean antolatzen diren bestak aitzinerat ateratzea».

Gaur egun zazpi lagunek osatzen dute taldea. «Guttienez 12 lagun izatea beharrezkoa ikusten dugu, oraingo egoeran ezin baitugu besta egun bakoitzeko bi arduradun ere izendatu». 

Talderat jende gehiago erakartzeko asmoarekin, bilera irekia antolatu dute otsailaren 6an, 19:30ean Herriko Etxean. Adierazi dutenez, «orduan ikusiko dugu egoera nola dagoen eta bertaratzen direnei azalduko diegu nola lan egiten dugun». Ohartarazi dute «jende gehiago sartzen ez bada, aurtengo Elizondoko bestak arriskuan» egonen direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun