100 urte bete ditu Lekarozko Mari Paz Iñarreak

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 27a

Asteburuan familiarekin ospatzeaz gain, herritarrek omenaldi hunkigarria egin diote 

Argazkiak: Alvaro Garde

1926ko urtarrilaren 24an Erratzuko Irazelaiko bordan sortu zen Mari Paz Iñarrea Bikondo. Lekarozera ezkondu zen Felix Garde Garbalenarekin, eta urte luzez bizi izan ziren elkarrekin, urrezko ezteiak ospatu baitzituzten. Gaur egun hiru seme-alaba, lau biloba eta birbiloba bat ditu Iñarreak.

Familiaren erranetan, «arras ongi dago, egunero bizi normala egiten du, burua arras-arras ongi du eta ibiltzeko arazorik ez, osasunez ederki dago». Leitzea gustuko omen du, «Ttipi-Ttapa ailegatzen denean hartu eta goititik beheiti leitzen du».

Urtebetetze berezia izan du aurtengoa, eta ez da gutiagorako, ez baita urtero mende bat betetzen. Goizean apeza etorri zitzaion etxerat, eta eguerdian Lekarozko Herriak omenaldia egin zion. Patxi eta Eduardo txistularien doinupean aurreskua dantzatu zuten Nahiak eta Garazik. Mattari alkatea, zenbait herritar eta familiako kideak hurbildu ziren zoriontzera, eta landare bat eta tarta oparitu zizkioten. Ondotik bazkaria egin zuen etxekoekin eta arratsaldean ere hainbertze bizilagun hurbildu ziren zoriontzera. «Omenaldi arras polita izan zen eta amatxi arras eskertua dago Lekarozko herriarekin eta hurbildu ziren guziekin. Arras egun hunkigarria berarendako».

Zorionak eta aunitz urtez!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun