Leire Ballarena Goienetxe

«Hasiera batetik argi nuen Norvegiak emateko dezente zuela»

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 25a

Leire Ballarena Norvegian. Argazkia: Utzitakoa.

Leire BALLARENA GOIENETXE, Elizondoko gaztea.

Leire Ballarena 20 urteko elizondoarra Norvegian ibili da ia bortz hilabetez, Erasmus ikasketa mugikortasun programaren bitartez. Alegia, eguberriak ospatzeko Europa Iparraldeko lur hotzak utzi eta etxeko berokira bueltatu zen «bizitako esperientziarekin kontent» eta kontatzeko anitzekin.

Gaur-gaurkoz, Leire Ballarena psikologiako gradua ikasten ari da Donostian; 3.maila, zehazki, aurtengo ikasturtean. Bide batez, inguratzen duen hura begiratzearen aldeko apustua egiten duela argi utzi du eta ttikitasunean handi ikusten duenetarikoa ere badela adierazi du; bere hitzetan, «gauza ttikiez disfrutatzen duen neska alaia eta hurbilekoa naizela erranen nuke». 

Alta, bizitzaren esperientzia ttikiek elikatzen badute ere, pasa den abuztuan esperientzia berrien bila salto handia eman zuen Ballarenak; Erasmus ikasketa mugikortasun programan onartua izan eta Norvegiarako bidea hartu baitzuen ia 5 hilabeterako. Aitortu duenez, «ez nuen inoiz etxetik kanpo ikasteko aukera planteatu, edota behintzat ez nuen neure buruarentzat aproposa izan zitekeenik pentsatu». Hala eta guztiz ere, adierazi duenez, «hurbilekoen esperientziak aditzean nire esperientzia propioa bizitzeko nahia piztu zitzaidan», eta zalantzak alde batera utzita Oslora (Norvegia) partitu zen: «Baietza eman nuenean damutu nintzela erranen nuke, hala ere, beldur guztien gainetik barne ahots batek aukera eustera eraman zidala suposatzen dut».

«Neure burua han eroso ikusi nezakeelako aukeratu nuen Norvegia, hango bizi estiloak nire izaerarekin bat egiten zuelako. Horrez gain, lurralde eta natura ingurune zoragarriak ezagutzeko aukera iduritzen zitzaidan»

Eta zertaz Norvegia? galdetzerakoan, hurrengoa erantzun du Ballarenak: «Neure burua han eroso ikusi nezakeelako aukeratu nuen Norvegia, hango bizi estiloak nire izaerarekin bat egiten zuelako. Horrez gain, lurralde eta natura ingurune zoragarriak ezagutzeko aukera iduritzen zitzaidan». Eta halaxe izan da, eguberrietarako bueltatu baitzen Ballarena etxera, «Norvegiak anitz eman dit», erranez; bihotza beterik eta irri seinalearekin aurpegian. Halabeharrez, «zoriontasunez betetako hilabeteak, familia bezalako laguntasunak eta nire etorkizunarekiko perspektiba aldaketa arras handia» izan dira aurpegiko irri horren zergatia.

8 bidaia 5 hilabetetan

Adierazi duenez, «hasieratik argi nuen niretzat Norvegiak dezente zuela emateko eta hango txokoak ezagutzearekin aski nuela». Eta esplikatu duenez, hemendik harat ibili da joan zenetik bueltatu den arte: «Bizipozez erran dezaket 8 bidaia egin ditugula herrialdean barna bazter guztiak ezagutzeko eta espero ez banuen ere, bertze Ipar herrialdeak ezagutzeko aukera ere eduki dut: Finlandian Helsinki eta Laponia, Suedian Estocolmo eta Danimarkan Copenhage bisitatu ditugu». 

«Bertze Ipar herrialdeak ezagutzeko aukera ere eduki dut: Finlandian Helsinki eta Laponia, Suedian Estocolmo eta Danimarkan Copenhage bisitatu ditugu»

Egindako ateraldi guztien artean bat aukeratzeko eskatu eta urriko hilabetean, Norvegiako lurretan dauden Lofoten irletara egindakoarekin gelditu da; haren berezitasunak gogora ekarrita: «Ia elkar ezagutzen ez genuen 5 pertsonek irletara bidaiatu genuen eta niretzat ahaztezinak dira bertan bortz egunez arnastu genituen bakea eta lasaitasuna; baita inguratzen gintuen natura guztia ere. Gainera, konpainiak pisu handia hartzen du beti; eta kasu honetan, laguntasun arras berezi eta sakona sortu genuen».

«Nostalgiaz baino gehiago kariñoz gogoratzen da etxea, behar sentsazio batetik izan beharrean, maitasun zintzo batetik»

Gisa berean, etxetik urrun egotea tarteka ez da erraza izaten eta oroitzea hurbiltzeko modua izan ohi da maiz. Halaber, Ballarenaren esperientzia propiotik; «nostalgiaz baino gehiago kariñoz gogoratzen da etxea, behar sentsazio batetik izan beharrean, maitasun zintzo batetik». Hari beretik tiraka, esperientziak emandako «politenetarikoa» ezagututako jendea dela aipatu du; eta beharbada, etxetik urrun egote horrek zerikusia duela gehitu du: «Etxetik urrun eta bakarrik egoteak arras zaurgarri ta sentikor bilakatzen gintuen denei, maitatuak izateko behar handia erakutsiz. Arrazoi beragatik, elkar zaintzeko ardura handia hartu genuen denek, harreman arras sakonak eta indartsuak garatuz. Horrez gain, errealitate guztiz diferentetako jendearekin topo egiten duzu eta erran dezaket beraiengandik anitz ikasi dudala».

Bizi legez, hasten den orok badu bere akabera hor nonbait eta Ballarenaren Norvegiako egonaldia akaberara heldu zen abenduan. Oro har, han bizi eta ikasitakoak  berarekin ekarri ditu eta etxetik kanpo bakarrik egotean pertsona gisa gehiago hezi izanagatik kontent agertu da. Hala eta guztiz ere, hain bereak izan direnekin harat bueltatzearekin amesten du: «Denak elkarrekin bueltatuko gara, eta behin baino gehiagotan izatea espero dut». Eta maite izan duenaz oroitzen hasita eta bere ametsetan ere murgiltzen hasita, hurrengoarekin borobildu du hitzordua: «Beldurrik gabe maitasun gehiago adieraztea eskatuko nioke mundu honi».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun