Antolatzaileen erranetan, «Venezuelari buruzko ezagutza handia du, bere doktore tesia Venezuela, Bolivia eta Ekuadorreko prozesu konstituziogileez egin zuelako. Ustekabeko erasoak sortu zion inarrosalditik bizkorturik, gertakarien azterketa sakona egin zuen, zergatiez, uneaz, ondorio judizialaz eta yankeek Venezuelari buruz duten planaz».
Bertzeren artean, «nabarmendu nahi izan zuen urtarrilaren 3ko Trumpen erasoa ez dela inondik ere Chavismoaren kontrako xake matea izan. Whasington ez da Venezuela kontrolatzen ari eta Delcy Rodriguez behin-behineko presidentea ez da inondik ere beren txotxongiloa. Venezuelaren kontra kolpe gogorra izan da, eta posizioa ahuldu du, eta horrek, negoziazioak baldintzatuko ditu, baina jarraikitasun konstituzionala eta instituzionala bermatu dira, estatuaren kontrola eta herritarrek karrikak hartu dituzte herrialdearen burujabetzaren defentsan. Militarrak ere leial agertu dira».
Testuinguru horretan, «Compainsek ohartarazi zuen gerra psikologikoa indartuko duela Trumpek, komunikabideen eta sare sozialen bidez Chavismoaren barnean mesfidantza, desmobilizazioa, zatiketak sortu, gainbehera eragin eta kanpoko iritzi publikoa baldintzatzeko. Horren antidoto gisa konfiantza, batasuna indartzea, eta lorpen sozialekin aitzinatzeko ekonomiaren hobekuntza aipatu zituen».
Bertzalde, «Maduro eta bere emaztearen bahiketa ikuspegi judizialetik aztertu zuen, alimaleko astakeria dela ondorioztatuz. Epaiketa hasi baino lehenago fiskaltzak narkoterrorismo akusazioa kendu behar izan du, Cartel de los soles ez delako existitzen, Whasingtonen gezurra zen hori». Gainera, nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, «Maduro presidente zilegia da, immunitate diplomatikoa duena; hori bera erran zuen epailearen aitzinean: 'Venezuelako lehendakaria naiz eta gerra presoa naiz'. Ameriketako Estatu Batuek ez dute jurisdikziorik Venezuelan, eta ez dago agindu judizialik. Eraso militar baten ondorioz bahitu dute. Alta, Trumpek nahi duena egiteko ahalmena du, baina Compainsen ustez, garrantzitsua da hori guztia nabarmentzea, gertatzen ari den guztiari zilegitasuna kentzeko».
Gertakariaren balizko zergati eta testuinguruaz ere aritu zen EHUko irakaslea. Alde batetik, «paradoxikoa bada ere, yankeen ahultasunaren erakusgarri da, dagoeneko ez da proiektu erakargarria: ekonomia moteldurik dute, industria ahalmena galdu, gurean ohikoak diren zerbitzu eta eskubide sozialik ez dute, mundu mailako nagusitasuna galtzen ari dira… Indar militarra da gelditzen zaiena, eta hori baliatzen ari dira beren posizioa atxikitzeko. Maiz gertatu da historian, inperioak gainbehera hasi direlarik orduan jokatu dutela bortitzen». Hari horretatik, «Trumpek abenduan onartu zuen Segurtasun nazionaleko doktrinaz ere mintzatu zen, funtsean, Amerika kontinente osoa patrimonializatu nahi duena. Araurik gabeko mundu batera joan nahi dute, indartsuenaren legea nagusiarazteko».