Baztango Osasun Plataformak «plaza guztiak betetzea» eskatu du urteko lehenbiziko elkarretaratzean

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 15a

100 lagun inguru bildu ziren atzo arratsaldean Elizondoko Osasun etxearen atean eta otsailaren 4an 18:00etan leku berean egin dute hurrengo hitzordua

Plataformako kideek adierazi dutenez, «azkeneko boladan medikuen oporraldiak eta bajak larrialdiko medikuekin beteak izan dira, eta horrela, artatzeak ez du hutsik egin. Baina eskatzen duguna plaza guztiak beteta egotea da, modu iraunkorrean eta bakoitzari dagozkion betekizunak biltzen dituztenak».

Gainera, «osasun arretan badira bertze alor batzuk, batez ere Baztan bezalako eremuetan, kontutan hartu beharrekoak; Gaztetxoen osasun arreta, buruko osasuna, eta bertzeak. Hauei buruz ere eskatzen dugu nahiko baliabideak jar ditzaten Baztanen artatzeko».

Horrez gain, «Elizondoko eta Baztango bertze anbulatorioko langileek egiten duten lana eta arreta kalitatea» aitortu dute. «Gure mobilizazioetan kontuan hartzen dugu jendea artatzeko egiten duten ahalegina eta segituko dugu exijitzen arreta duina eta osasun langileendako lan baldintza duinak».

Azkenik, «munduko interes geopolitikoen gatazkak ondorio larriak uzten ari dira. Honek badu arriskua gure osasun zaintzan ere ondorioak izateko, eta zerbitzua pribatizatzeko joerak bere horretan segitzeko. Horregatik ezin dugu geldirik egon, ia zer pasatzen den, gertatzen dena gertatzen dela ere Osasun sistema publikoaren alde lanean segitu beharra dago. Nafarroako 2026ko aurrekontuak kritikatu genituen, eta Osasun Foru Lege berriaren aurreproiektuari helegiteak aurkeztu. Adi egonen gara Nafarroako legebiltzarrean zer nolako jarraipena izaten duen, legeak benetan bermatu dezan osasun zaintza duin bat izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun