Benito Menniko langileek hilabeteko greba eginen dute urtarrilaren 15etik otsailaren 15era

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 14a

«Benetako negoziazio eza, lan prekarietatea eta zerbitzu publikoaren okertzearen aitzinean Nafarroako Gobernuaren pasibotasuna» salatu dute langileek. Ortzegunean hasiko dute grebaldia eta horrekin 143 greba egunetara ailegatuko dira guztira

Elizondoko Benito Menni ospitale zentroko langileek bertze hilabete batez luzatuko dute lan gatazka, Hermanas Hospitalarias Fundazioak «negoziazioa erabat blokeatuta duela» salatzeko. ELA sindikatuak adierazi duenez, «hasierako proposamena aldatu gabe akordio bat inposatu nahi du enpresak». Hori dela eta, bertze grebaldi bat eginen dute, oraingoan hilabete osokoa, ilbeltzaren 15etik otsailaren 15era. Horrekin, 143 greba egunera ailegatuko da plantilla.

Enpresa «langileei akordio bat inposatzen saiatu zen bere finantzaketa bermatzeko, hasierako hitzarmen proposamena batere aldatu gabe. 112 greba egun igaro ondotik, abenduan ezohiko bilera batera deitu zituen langileak. Bertan ohartarazi zuen mahai gainean jarritakoa sinatzen ez bazuten, Nafarroako Gobernuaren finantzaketa igoera gal zitekeela, eta egoera hori langileen kalterako izanen zela».

Langileek ohartarazten dute proposatutako akordioak «soldata prekarioak, lan egutegi jasanezinak eta urte osoan guttieneko langile ratioak» finkatuko lituzkeela. Gainera, enpresari egozten diote «diru publikoarekin aberastea, aldi berean lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea okertzen dituen bitartean».

Horrez gain, «azpimarratu beharra dago Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna. Izan ere, zentroaren egoera ezagutzen duen arren, ez du neurri eraginkorrik hartzen kalitatezko zerbitzua bermatzeko». Egoera honen aitzinean, plantillak berretsi du «enpresak administrazioarekin finantzaketa negoziatu behar duela», eta langileek «grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela lan baldintza duinak lortu eta prekarietateari akabaila eman arte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun