Madrilgo Nuevo Baztan herrian bizi den Luz Nogués idazleak Los agotes del Baztan liburua aurkeztu du Arizkunen, Juan Goienetxe Gaston (Arizkun 1656 - Nuevo Baztan, 1735) administrari, idazkari eta negozio gizona ardatz duen eleberri historikoa. Hain zuzen ere, Nuevo Baztan herria sortu zuen Goienetxek, eta lotura horri tiraka izan zuen agoteen berri idazleak.
Eleberriak Goienetxeren historia kontatzen du; industriarako garrantzia handia izan zuen Nuevo Baztan herri modernoa nola sortu zuen. Aldi berean, agoteen komunitate gaitzetsia ekartzen du gogora. Hori dela eta, idazleak ezinbertzekoa ikusi du liburuaren aurkezpenetako bat Bozaten egitea, Goienetxek eraikitako Lamiarrieta jauregian hain zuzen ere. Aurkezpenak jendearen interesa piztu zuen eta herritar ugari bertaratu ziren liburuaren nondik norakoak ezagutzeko.