Baztango Osasun Plataformak urteko lehenbiziko elkarretaratzea eginen du asteazkenean

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 12a

Ilbeltzaren 14an 18:00etan Elizondoko Osasun Etxearen aitzinean bilduko dira

Aurten ere elkarretaratzeekin segituko du Baztango Osasun Plataformak, «kalitatezko osasun sistema publikoa» aldarrikatzeko helburuarekin. Abenduan egindako elkarretaratzean «osasun sistema publiko duina» eta «Elizondoko Osasun Zentroan lantalde egonkorra bermatzea» eskatu zuten. Gainera, kontsultategi ttikietako profesionalek Nafarroako Osasun Departamentutik hartzen duten tratua «eskasa» dela salatu zuten, eta Eskualdeko Osasun Kontseiluari «garrantzi eskasa» aitortzen zaiola.

Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuak onartuta, osasun arloko diru partida «eskasa» dela adierazi zuten, «batez ere lehen mailako arretari dagokiona: farmaziako gastuek pisu handia hartzen dute eta zentro pribatuetara bideratzen den diru kopurua nabarmenki handitu da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun