Erratzun Kaxtrail mendi lasterketarako bidea garbitzeko auzolana eginen dute ilbeltzaren 24an

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 9a

Erratzuko herritar talde bat Kaxtrail mendi lasterketa antolatzen ari da urriaren 24ko, Xabier Rekarte 'Kaxtel' erratzuarraren oroimenez, bere heriotzaren 10. urteurrenean. Antolakuntza taldeak adierazi duenez, «edizio bakarra eta berezia izanen da, 45 kilometroko mendi lasterketa, orotara 3.000 metroko desnibelarekin».

Auzolanean sortu dute egitasmoa eta taldearen erranetan, «ez da lasterketa hutsa izanen: musika, gastronomia eta ekitaldi kulturalak izanen dira Erratzun, herria biltoki bihurtuz bai lasterkariendako, bai lagun eta senideendako ere. Ez da edizio gehiagorik egonen; Kaxtrail bakarra eta berezia izanen da».

Probak hiru modalitate izanen ditu: erronka nagusia izanen den 45 km-ko lasterketa, ibilbidea erdibana egiteko binakako proba mistoa eta ibilaldi mendizalea, erritmo lasaian. Aitzinerago emanen dute ibilbide zehatzaren, izen ematearen eta gainerako informazioaren berri.

Bidea garbitzeko deialdia

Lasterketarako bidexendak garbitzeko hitzordua eginen dute ilbeltzaren 24an. Lagundu nahi dutenek hilaren 20ra arte izanen dute izena emateko aukera. Horretarako hurrengo lotura zabaldu du antolakuntza taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun