Zigako ttikienak eskean aritu dira aurtengo eguberrietan ere

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 7a

Eguberri, Urteberri eta Errege egunak ederki ospatu dituzte zigatarrek

Argazkiak eta testua: Arantxa Gamio

Olentzerok urteroko bisita egin zuen; aitzinetik neska-mutikoak eskean ibili ziren, kantuan, baserritarrez jantzita, gozoak biltzen. Ondotik, eskolako oporrak baliatuz, gurasoen eskutik haurrendako bi arratsaldez eskulan tailerrak eskaini ziren.

Urteberriko urtatsen ondotik, Errege egun bezperetakoak egin zituzten, joareak bizkarrean paratuz, herrian eta baserrietan bisita eginez. Eta akitzeko Errege eguneko elurra! Herrian jostari ibiltzeko aukera eman zuen. Eta su ondoetan atseden hartzekoa ere.

Paregabe joan dira besta egun hauek, eta orain Orakunde eta inauteak otsailaren 6 eta 7an izanen dira.

Nabarmentzekoa da gaur egun arte gabon sasoian etxez etxe haurrak ibiltzen diren egun bakoitzerako kantatzen dituzten kantak. 24an Olentzero eta eguberrietakoak dira, 1ean Urte berri berri, zer dakarrazu berri… eta Errege bezperan: Trakatan-trakatan, hiru erregeekin, goazen goazen Beleenera kantak izaten dira. Belaunaldiz belaunaldi ailegatu zaizkigu eta herriko ondare dira. Zoragarria da etxeetako ateetan etxeko andreekin batera kantatzea, bertze garaietako ohiturak entzun eta ikastea.

Ea kantak ez diren eteten eta gure ttikiek ere, guk eta gure arbasoek egin bezala, ahoz ahoko herri ondare hau kantatuz bizirik mantentzen duten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun