'Bidaiatzeko bertze moduak' jardunaldiak eginen dituzte Txokoton hilabete honetan

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 6a

Dokumental emanaldia, liburu aurkezpena eta solasaldia antolatu dituzte urtarrileko igandetan Txokoto tabernan, eta aste honetan izanen da lehenbiziko jardunaldia

Urtea ekitaldiz betea hasiko dute Elizondoko Txokoto tabernan, 'Bidaiatzeko bertze moduak' jardunaldiak eginen baitituzte ilbeltzaren 11n, 18an eta 25ean.

Ilbeltzaren 11n 12:30ean Aztarnak proiektatuko dute, haurtzaroko aztarna emozionalek bizitzako bidaian duten eragina erakusten duen dokumentala. Ondotik solasaldia izanen da Jose Ramon Mauduit psikologo eta terapeuta korporalarekin eta Arantxa Irastortza psikomotrizistarekin. Hitzordua euskaraz eta gaztelaniaz izanen da.

Hilaren 18an, berriz, Begoña Santos Olmeda idazleak Mujeres que mueven montañas liburua aurkeztuko du. Mendiarekin lotutako zortzi emakumeren historia harrigarriak biltzen ditu liburuak. 12:30ean izanen da aurkezpena, gaztelaniaz.

Azkenik, ilbeltzaren 25ean 'Nola irakurri gure historia txanponen bitartez?' solasaldia emanen du Mikel Legorburuk, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea, historialaria eta numismatikaria. 12:30ean izanen da hitzordu hori ere, euskara hutsean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun