Abenduaren 24an herriari itzulia egin zitzaion haurrek egindako Olentzeroren panpinarekin. Zenbait etxetako berotasunak goxatu zuen Gabon gau hotza. Kantu zein jana ez ziren faltatu eta ondotik, urtero bezala, zortzikoa eta arin-arina dantzatuz akitu zen plazako ekitaldia.
Baina ez ziren hor akitu ospakizunak. Urte zaharra lagun artean akitzeko, 40 bat herritarrek elkartean afaldu zuten; Anneren akordeoiaren doinuak goxatu zuen egonaldia. Biharamunean, ilbeltzaren 1ean, etxez etxe ibili ziren urtetxak eskatuz. Mandarrak goxokiz eta giltxaurrez bete eta ondoko etxerat! Urte berri berri, zer dakarrazu berri... Urtetx, urtetx!