Zigako aizkolaria arras mindua agertu da gertatutakoarekin, «bertze edozein egun aukeratu zezaketen apustua egiteko»
«Ez dakit aitzinetik beraien artean solastatua zuten, baina gertatutakoarekin arras triste eta dezepzionatua nago. Barkamena eskatu naute, baina errespetu falta dela iruditzen zait, bertze edozein egunetan egin zezaketen apustua…» adierazi du Etxeberriak.
Lehenik, Xabier Zaldua azaldu zen Kantabrikora. Honi hogei kanaerdikoko lana proposatu zion Etxeberriak, baina gipuzkoarrak 28koa nahi zuen. Erdibidea bilatuz, 24 kanaerdikoko lana proposatu zion Etxeberriak, eta honi ere ezezkoa eman zion Zalduak. Azkenean, 24 kanaerdikoetatik 14 Zalduak eramanak eta 10 Etxeberriak eramanak proposatu zuen Zigakoak, baina berriz ere ezezkoarekin erantzun zuen Zalduak.
Ondotik, Ibai Soroa sartu zen Kantabrikora, Nafarroako azken txapelketan txapeldunorde izandakoa. Arribekoari 72 ontzako sei enbor mozteko apustua proposatu zion Zigakoak, baina honek 20 kanaerdiko baino gehiagoko lanak nahi zituen bakar-bakarrik. Ezin izan zuten apusturik adostu.
Joxean Etxeberriak ez zuen ulertu bi aizkolarien ezezkoa, «azkenekoa izan naiz Euskadiko txapelketan, Nafarroako txapelketan bigarren mailara jautsi naiz, estomakako parasito bat izan dut, bizkarra infiltratu naute eta, halere, inork ez du apustua onartzeko ausardiarik izan». Baina ez ulertua haserre bihurtu zen gero, Zalduak eta Soroak elkarren arteko apustua adostu zutenean, lau oinbiko eta hamar kanaerdikora.