«Erdiz Bizirik plataformak eta Sustrai Erakuntza fundazioak epaitegietara jo dugu Esteribarreko Rafael Sur sektorean El Quinto meategia ustiatzeko proiektua zabaltzeko baimenaren kontra»
«Erdiz Bizirik plataformak eta Sustrai Erakuntza fundazioak epaitegietara jo dugu Esteribarreko Rafael Sur sektorean El Quinto meategia ustiatzeko proiektua zabaltzeko baimenaren kontra». Halaxe azaldu zuten atzo Elizondon egindako prentsaurrekoan. Magnesitas Navarra SA (Magna) enpresak Nafarroan esku artean duen meatze proiektua da Esteribarrekoa, Erdizkoarekin batera. «Nafarroako Gobernuak bi kasuetan prozedura berdina darabilela salatu nahi dugu: herritarren interesen gainetik kapitalaren interesak babestea».
Esteribarko proiektua 2022ko urte hasieran argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Rafael Sur sektorean borzgarren meategiaren ustiapena handitzean datza. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, «horren ondorioz, egungo zuloa are gehiago sartuko da Alduide Mendia Kontserbazio Bereziko Eremuan». Hain zuzen, Erdizko bazkalekua ere eremu horretan kokatua dago.
Nafarroako Gobernuak 2024ko abuztuaren 22an argitaratu zuen meategiaren ustiapen handitzeko baimena. Horren aitzinean, iragan urrian, Erdiz Bizirik plataformak eta Sustrai Erakuntza fundazioak goranzko errekurtsoa aurkeztu zuten Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaritzan. «Proiektu hori aitzinerat eramateak aurrekari bat ekar dezake, eta bidea ireki aurrerantzean ere babestutako eremuetan horrelakoak egiteko, Erdizen erraterako. Proiektu honek, Erdizkoak bezalaxe, ez du ingurugiroa ezta ura babesteko araudia betetzen».
Atzoko agerraldian, azaldu zutenez, Nafarroako Gobernuak Erdiz Biziriken eta Sustrai Erakuntzaren errekurtsoa baztertu du «enpresa pribatuei gure lurra eta ingurunea xehatzeko argi berdea» emanez. «Horregatik guztiagatik epaitegietarako bideari heltzea erabaki dugu».
Egoera aski kezkagarria dela azaldu zuten atzoko agerraldian, eta Magna Nafarroako biodibertsitatea «arriskuan» jartzen ari dela, instituzioen laguntzarekin. «Argi dugu Erdizko zein Rafaeleseko meategi proiektuak gure bizimodua ez direla bateragarriak. Hortaz, proiektuen tramitazioa gelditzeko eskatzen diegu instituzioei. Ez dugu etsiko: ez dugu utziko Nafarroan gelditzen diren herri lurrak, gure etorkizunak sostengatzeko beharrezkoak multinazionalei oparitzea».
